Azkuna Zentroa - Adolfo Serra

ADOLFO SERRA

ILUSTRAZIOA

Teruel, 1980. Ilustratzailea, liburu-sortzailea eta irakaslea. Madrilgo Artediez Arte eta Lanbide Eskolan osatu zituen Arte Plastiko eta Ilustrazio Diseinuko goi-teknikari ikasketak. Madrilgo Unibertsitate Konplutensean Publizitatean eta Harreman Publikoetan lizentziatua. Orri zurietako esploratzailea. Harentzat, ilustratzea erabakitzea da, ilustratzea kontatzea da, ilustratzea behatzea da, ilustratzea... sentitzea da.

Lanbideko jardueraren zati bat ilustrazioarekin eta marrazketarekin lotutako sormen-tailerrak eta -laborategiak garatzeari eskaintzen dio. Bere ilustrazioak hautatu izan dituzte honako ekitaldi hauetan: Bologna Children ‘s Book Fair (Italia), Bratislavako Ilustrazio Bienala (Eslovakia), Sharjah Children' s Book Fair (Arabiar Emirerriak), Ilustrazioko Katalogo Iberoamerikarra (Mexiko), CJ Picture Book Awards (Korea), Mostra Internazionale d’Illustrazione per l’Infanzia Sàrmede (Italia) edo China Shanghai International Children’s Book Fair (Txina).

Partekatu:

BOMARZO

“La fantasia è un posto dove ci piove dentro” [Fantasia euria ari duen toki bat da]. Italo Calvinoren “Ikasgai amerikar” ederrenetako baten izenburua da hori, Dante Alighieriren Purgatorioko bertso batekin hasten dena: “Poi piovve dentro a l'alta fantasia” [Goi-fantasiaren barrura euritan isuri zen gero]. Dantek bere irudimena zerutik edo Jainkoagandik euritan isuri zela baieztatu arren, eta bere fantasiaren alderdi bisual hori idatziz jaso, Calvinok sendo zioen imajina dezakeguna hitzez adierazi ahal dugula, eta irudimen horrek ikustera garamatzala, baina baita hitzetatik jaiotako irudiak sortzera ere.

Irudiak irakurtzeko esperientziak berekin dakar buruan lekuak garatzea, istorioak eraikitzea, narrazio bat sortzea, pertsonaiak mugimenduz hornitzea. Hala ere, irudimen hori hitzez adieraztea ere esan nahi du, forma ematea, hitzak jartzea; kontatzeko eta partekatzeko ekintza da. Nola irakurle helduek, hala haurrek. Zer da lehenagokoa, irudia ala hitza? Ilustratzeak gidatuta, gai al gara gure emozioak, esperientziak eta ideiak gainean ezartzeko? Proiektu honek galdera horiei erantzun nahi die, irudi irekiak eratuz, sorkuntza-laborategiekin batera, Bomarzoko Baso Sakratua ikertzeko abiapuntu gisa hartuta.

PROZESUA

Erroma ederra eta kaotikoa da, animalia sakratu kutsua dauka, oraingo hondakinena eta aire zabalean irekitako museoarena. Oso senekoa eta primarioa den zerbait dago hemen… zaporeak, argia, kolorea, bizitza gozatzea. Erne egon behar duzu hiriak irentsi ez zaitzan, baina ezkutuan daukan guztiaz ere jabetu behar duzu.

Akademia hiri honen ispilua da, 1873an ernetako historia eta energia dituen leku bat, aldi berean zabalik dagoena diziplina berrietara, sorkuntza garaikidera, artisten eta herritarren arteko elkarrizketara. Ispilua denez, beste egoiliarrekin izandako elkarrizketetan islatzen eta proiektatzen zara, prozesuetan, bilaketan, isolamenduan. Zure irudia urtu eta desitxuratu egiten da, orobat zure buruaz, zure proiektuaz, arteaz edo sorkuntzaz duzun ideia.

Tranpa edo ameskeria moduko bat dago Akademian; nola sor dezakezu Erroma zure baitan sartu ez bazaizu? Pauso teoriko batzuk nola eman hiriak bidea urratzen duenean? Horretan datza magia, hala uste dut. Erromaren arrastoa eta Akademia dagoeneko zure baitan daude, bederatzi hilabete hauek hasiera baino ez dira.

ESPERIENTZIA

Erroman nago. Jauregi batera iritsi nintzen, eta eskultura guztiek burua moztuta zuten. Gorputz hutsak ziren. Harrizko haragia. Bulkada. Arrazoirik ez zegoen.

Erroman nago. Pintura-baso batean galdu nintzen. Tenpleen eta pigmentuen udaberri betierekoa. Txoriak zeuden. Karez eta iztukuz egindako ertzak. Soinurik ez.

Erroman nago. Ahaztutako santua nintzen ametsetan. Nire martirioko zauriak, diagonalak eta ebaki-lerroak sentitu nituen. Handik gutxira, irudi hori neure aurrean neukan eliza batean. Martiriaren eldarnioa. Esnatzeekin amets egin dut.

Erroman nago. Eskuko hezurrak hautsi zaizkit. Hatz bateko bi milimetro galdu nituen. Zenbakietan pentsatu dut, arimak pisatzen dituen 21 gramoetan eta falta zaizkidan 2 mm-etan, hitzen larrian eta besarkaden arinean. Hezur-zerga. Azalaren liturgia.

Erroman nago. Ederra bezain kaotikoa, kaleetan eta neure baitan desorientatzen naiz. Otso-iturrietan edaten dut, arabazozoei jarraitzen diet, eta hondakin arteko bidean nabil. Erroman, misterio kutsuan, beti iristen zara norabait, nahiz eta espero zenuen lekua ez izan. Pauso galduak. Hondakin biziak.