Azkuna Zentroa - Ana Talens

ANNA TALENS

ESKULTURA

Carcaixent, 1978. Berlinen bizi da eta lan egiten du. Artista bisuala eta summa cum laude europar doktorea Arte Ederretan Valentziako Unibertsitate Politeknikoan.

Nazioarteko prestakuntza akademikoa du. Ikerketa lanak egin ditu honakoetan: Bauhaus Universität (Weimar), Universität der Künste (Berlin), Australian National University (Canberra) eta Central Saint Martin School of Art (Londres). Banako eta taldeko zenbait erakusketatan egon da bere obra eta honakoentzako proiektuak nabarmentzen dira: Gemäldegalerie (Berlin), Sundowner-Neue Nationalgalerie (Berlin), Matadero (Madril), Macro (Erroma), Villa Croce (Genova), Fundación Vila Casas (Bartzelona), CCCC (Valentzia) eta Patio Herreriano (Valladolid). Bere obra honako bilduma hauetan dago gainera: Bauhaus Universität-Weimar, DKV, IVAM, Olor Visual, Art Situacions, Generalitat Valenciana eta Banco Sabadell.

Partekatu:

PROZESUA ETA ESPERIENTZIA

Bidelagunak dituen eremita bat bezala bizi izan naiz, biltzeko lurrera jaitsi eta pentsatzeko zerura igotzen dena bezala. Behaketaren, intuizioaren eta irudimenaren noraezean ibili naiz. Eta liburu bakoitza irakurri ondoren, elkarrizketa bakoitzaren ondoren, kontzeptualki finkatu dut nire lana. Kalean, azokan, dendetan objektuak bilduz; museoak, hondakinak, hiriak bisitatuz; gertakizun iragankorren argazkiak ateraz bete dut 27. Estudioa. Dorrea, zeru fragmentatuko leihoekin. Goitik, denborarik gabeko denboran bizi izan naiz, Erroma izan baino lehen ere Erroma Erroma izan zela sentituz. Eta han behean, distantzian lasai, kontenplazio ia mistiko batean lagun egin dit. Hemen hobeto ulertu dut egiten dudana. Espazio sakratuaren eraikuntzaz pentsatu dut, gauzak ukitzeko dudan moduaz jabetu naiz, munduaren edertasuna partekatzeko dudan irrikaz. Batzuetan sentitu dut ezin nuela bizi nuen haren mailako ezer egin, objektuez fidatzeari ere utzi diot, eta neure buruari esaten nion: “Ez dakit zer egingo dudan leku honetan, baina badakit zer egiten ari den leku hau nirekin”. Izan ere, hemen ekaitzak, ostadar osoak, hodei perfektuak eta kobre koloreko zeruak bizi izan ditut. Ilargiaren argia udaberriko ekinozioan sartzen ikusi dut, elurra Apeninoen gainean, Cayo Cestioren piramidea egunsentian argi kontra, Santa Mariaren bizkarrak Trastevere-n eta Palatinoa lurrezko mendi bat bezala. Doria Pamphiljeko lorategietan hartu dut arnasa.

Toki honetan intuizioa ustekabeko logikaz ordenatu da. Nire erdigunea aurkitu dut, nire ihesgunea, nire arrazoia. Jainkoaren absentziaz hitz egin du jendaurrean eta eguzkiaren gurtza berreskuratzea proposatu dut. Orain, inoiz baino gehiago sentitzen dut artea egunerokotasuna sakratu bihurtzeko gai den tresna dela, gorputzarentzat eta adimenarentzat espazio sakratu bat eskaintzeko gai, kontzientzia existentzialeko une bat eskaintzeko gai.

Akademian bizitako esperientzia aitortza eta aukera izan da. Etxera itzultzeko modu bat izan da, Mediterraneora. Hemen aitortu eta miretsi dut nire ikaskide bakoitzaren ausardia eta bilaketa, eta ikaskide horiekin ikasi, pentsatu eta ezagutza eta energia partekatzeko zortea izan dut. Kide horien eraginez, eguneroko egoerak baterako pentsamendu bihurtu dira, eta eskuzabalak izan dira ideiak trukatzean. Irakurketa gomendatuak eta nire bizitza aberasten duten pertsona berriak daramatzat.

Harrigarria da testuinguru-aldaketa batek gure horizontea nola zabal dezakeen eta iragankortasunaren kontzientziak bizitzeko premiara nola bultzatzen gaituen. Orain leku huts bat behar dut, daramadan guztia proiektatzeko. Nire begiak hain ohitu dira aurrietara, non, hurbil sentitzen ez ditudanean, faltan botatzen baititut. Erroma nigan geratzen da.

NUMEN

“Numenek”, mitologia klasikoko jainkoa ez ezik, objektuan dagoen botere magikoaren ideia bada, baita poeta mugitzen duen botere inspiratzailea ere. Beste munduarekin hitz egiten dutela diruditen ekintzak hautematen, aurkitzen eta sortzen ditu artistak. Gertaera iragankorrak bistaratzen ditu, munduan gurekin batera bizi diren presentziez eta absentziez hitz egiten duten espazioak eta objektuak eraldatuz. Gertaerak erreproduzitzen ditu eta objektu sakratuak sortzen ditu, “lararium” gisakoak; Erromako antzinako etxebizitzetako praktika errituala zen hori, aldare txiki sakratuak eraikitzean zituzten arbasoak gurtzeko eta etxeko jainkoei eskaintzak egiten zizkieten. Eguneroko egitatearen magian oinarritzen diren eta sinboloaren aurreko egoerako funtsak praktikan jartzen dituzten site specific objektu eta instalazioak sortzea da xedea. 

ERLAZIONATUTAKO JARDUERAK