ZINEMA ETA IKUS-ENTZUNEZKOAK
Sevilla, 1964. Rey Juan Carlos Unibertsitateko irakaslea da, eta Espainiako Zinemari buruzko Ikasketen Masterreko eta Doktoregoko zuzendaria izan zen han. Andaluziako Filmategia abiarazi zuen, bai eta sei urtez zuzendu ere. Film mutuen garaiko material filmikoak zaharberritzen eta ikertzen dihardu, lankidetzan arituz Espainiako Filmategiarekin, Kataluniako Filmategiarekin eta Portugalgo Zinematekarekin. Espainiarako Womens 's Film History Project koordinatzen du.
Haren azkenaldiko argitalpenen artean daude honako hauek: “El poder de lo desconocido. O cómo enfrentarse a la contribución de las mujeres en los primeros años del cine español”, hemen: Presencies i representacions de la dona en els primers anys del cinema 1895-1920 (2019); “Field Trip to Insanity: Bodies and Minds in the Doctor Maestre Film Collection (Spain, 1915)” L. Alonsorekin eta D. Sánchezekin, hemen : Corporeality in Early Cinema Viscera, Skin, and Physical Form (2018); “Women and the shift from Theatre to Cinema in Spain: The Case of Helena Cortesina (1903-1984)” E. Corderorekin, hemen: Nineteenth Century Theatre and Film (2018). E. Corderorekin batera editatu zuen Women in Iberian Cinema: A Feminist Approach to Portuguese and Spanish Filmic Culture (Intellect books, 2020ko ekaina) alea.
Partekatu:
Società Italiana Cines sortu zen 1906an Erroman, eta urte hartatik du bulegoa Bartzelonan. Espainian ez da izango beste Italiako markarik bere bulegoan Italiatik ekarritako arduraduna duenik. 1910 eta 1917 artean mila titulu baino gehiago banatu zituen Bartzelonatik. 1913an Espainiako Artearen Film marka sortu zuen, Espainian filmak ekoizteko.
Proiektu horretan, Cines enpresak Espainiara helarazi zituen teknikarien biografiak landu ditut: Mateldi, Turchi, Doria, Munzi, Miraglia edo Genina. Horietako batzuek Espainiako zinemagintzan garatu zuten lan-ibilbidea, horrela Espainiaren eta Italiaren arteko zinemagintzako profesionalen esperientziak lotuz. Bi kasu bereizgarri daude langintza horretan. Bata, Bartzelona eta Turin artean lan egin zuen Raimundo Minguella kataluniarra, Espainiako etxe italiarrak eta Italiako etxe espainiarrak ordezkatzen aritu zena, eta ondoren Excelsa Films enpresa italiar-espainiarra sortu zuena. Alderantzizko noranzkoan, Augusto Turqui daukagu, Erromako Cineseko administrazio kontseiluko idazkaria eta, geroago, 1917ra arte hark Bartzelonan zeukan bulegoko arduradun izan zena.
Izenburu honen azpian ezin pandemia ez den beste hitzik idatzi, nola bada, barregarri legoke bestela.
Izan ere, proiektuari edo biografiari berari buruz idatzitako guztia barregarri hutsa dela uste dut. “Hemen ez da ezer gertatu” nolabaiteko baten tankera sinesgaitza dauka. Eta hori, faltsua ez ezik, bidegabea eta arduragabea litzateke. Denetik gertatu da. Proiektua, biografia, prozesua edo esperientzia ez lirateke berdinak izan behar, ez lirateke beste era batera kontatu behar, pandemia hitzera eta horrekin batera doazen zifretara murriztuta ez balitz. Ez dago lehenagokorik, eta gerokoa beste zerbait izan beharko luke.
Ez dago konta dezakedan prozesu edo esperientziarik, aintzat hartu gabe prozesu eta esperientzia horrek Italian geratzea dakarrela berekin, eta dagoeneko bi hilabetez Espainian egon beharko nukeela. Kontakizunari eutsiko dion prozesurik edo esperientziarik ez dago, jakinik bi hilabete horietako egun eta gau gehienak leihoetatik Erroma ikusten joan zirela, besterik egin ezinean.
Ez dakit pandemiaren prozesuaz eta esperientziaz idazten, eta badakit ez dudala hori egin nahi.
Beste zerbaitez idaztea barregarria dela jakinda ere, gauzak kontatu ahal izango nituzke. Erromako Cineteca Nazionalen ikertu nuen. Carmen (Doria, Turqui, 1913) laneko zelulosa nitrato jatorrizko materialak ukitu nituen. Ziur asko eta oso poliki —kontu horiek beti izan ohi diren bezala—, titulu osatu gabe hori berrezarri edo, gutxienez, digitalizatuko dugu. Uste dut ikasi nuela lanak, gehienetan, ez duela ia ezer esan nahi izaten. Gainera, lehenik eta behin, ausaz eraiki eta zoriaren arabera desegin zen talde batekin bizi izan nintzen; zoria, hartutako erabakietan baino gehiago, beste batzuek arau, dekretu eta zifren bidez hartutakoetan.
Gerra ez aurkitzeagatik 1914an Italiara itzuli ezinik edo joan nahi ezean Bartzelonan geratu zen jendearen biografiak lantzeak laguntzen du ulertzen, ez ordea azaltzen, guztia zeinen hauskorra den, are barregarria izateraino batzuetan.