Azkuna Zentroa - Enrique Radigales

ENRIQUE RADIGALES

IKUSIZKO ARTEAK

Zaragoza, 1970. Espainian Net.art eta lengoaia digitaletan aitzindari izan den artista eta ikertzaileetako bat da.

Haren lana ikusgai izan da bienal hauetan: Lleidako Bienal d ‘Art Leandre Cristòfol, Sibiuko Biennal IEEB4, Wroclaweko Media Art Biennal WRO eta Ystadeko Biennal Electrohype. Erakusketak egin ditu areto instituzionaletan, hala nola Madrilgo Matadero y Casa Encendida, Bartzelonako MACBA, La Virreina, La Capella, FAD eta Can Felipa, Huescako CDAN, Gijongo LABoral, Guatemalako Centro Cultural de España, Bordele, Chicago, Viena eta São Pauloko Instituto Cervantes, Berlingo Freies Museum, Seulgo OMA, eta Glasgoweko Center of Congotemporary Arts. Nazioarteko azoka garrantzitsuetan parte hartu du, besteak beste Madrilgo ARCOn, Mexiko Hiriko Zona Macon, Milango Miart-en, São Pauloko SSP Arten, eta New Yorkeko Armoryn.

Artista egoiliarra izan da gune hauetan: Madrilgo Casa Velazquezen; Gironako Montesquieu Arte Hamabostaldian; Donostiako Artelekun; New Yorkeko Eyebeamen; Buenos Airesko URRAn, eta São Pauloko Museu da Imagem e do Som-en.

Partekatu:

TESTACCIOTIK PAPPAGALLORA

Hasiera batean, proiektu honek Testaccio mendiaren eraikuntza artifizialean bizi diren izakien biologia aztertu eta sailkatu nahi zuen, metodo taxonomiko propio baten bidez. Mendi artifizial honen post-biologia sesila eta bertako elkarreragin bio-geo-fisikoak grafikatu eta pentsatu: onddoak, sustraiak, kaparrak, hegaztiak, haziak, jatetxeak, orbela, zorua, basoko dinamika, hezetasuna, zeramikazko substratua, diskotekak, ura lurruntzea…

Orduz geroztik, Erroman izan naizen bitartean, behin eta berriz ibili naiz zeramikazko muino horretan, perimetroaren laginak hartzen, sedimentuei argazkiak ateratzen edo gainazaleko soinu metalikoa grabatzen. Muino artifizial hori ikono antropiko bihurtu zitzaidan nire ikerketan, garaiko teknika eta ingeniaritzak erromatarren hondakinen kudeaketa eraginkortasunez gida zezaketela erakusten zuena. Egungo ingurumen-krisiekin aurrez aurre talka egiten duen konpromiso-ondarea da, eta agerian uzten du ez dagoela gure egungo hedapen eta hazkunde ereduaren epe luzerako eko-plangintzarik.

Urriko hilabetea bete zidan ikerketa horren zati bat gaur egungo zaborraren kudeaketarekin lotuta zegoen eta Erroma hirian legez kanpoko zabortegiak agertzearekin. Inolako zalantzarik gabe, hiriak jasaten duen krisi honen adibideetako bat Malagrottako zabortegia da. Erroma kanpoaldean dagoen zabortegi honek 230 hektareako hedadura du, Europako handiena da, eta 2013tik itxita dago, ingurumen arrazoiengatik.

PROZESUA

Testacciori buruzko ikerketa honekin aldi berean, zerbait gertatzen ari zen, Akademiako nire estudioko leihotik ikus nezakeena:

2019/10/4

Gaur goizean papagaiei begira egon naiz pixka batean, nire estudioko leihotik. Magnoliotik arbustura hegan doaz, enbaxadorearen etxeko patina okrearekin kontrastea egiten duen errainu berde bizi-bizia utziz. Hemen pappagalli deitzen diete, eta badirudi argi dutela nora doazen, zuzen-zuzen baitoaz zuhaitz batetik bestera, brisak kulunkatzen dituen beste hegazti batzuek ez bezala. Dena konpas ikusezin batekin mugitzen da, altzifrearen adaburua, hormako igokaria, esekitako arropa ere horren erara, itxuraz. Pappagalloaren tonu exotikoek soilik hausten dute inguruaren kadentzia.

Guztiz ustekabean, ikono antropiko berria sartua zitzaidan leihoan zehar. Pappagalloa, Testaccioa bezala, ikono antropiko inbaditzailetzat har daiteke; Testaccioko anforak Betikako lurrarekin egosi ziren eta Mediterraneoan zehar garraiatu, Italiako espainiar mendi bakarra eratuz. Pappagalloa, ostera, Latinoamerikatik iritsi zen Italiara, 70eko hamarkadako hegazti exotikoen esportazioaren bidez, eta hirian ezarri zen, egokitzeko duen gaitasunari esker. Tokiko beste espezie batzuk mugiaraziz eraikitzen dituzte habiak, hiriko ekosistema aldatuz. Testaccioko muinoak bezalaxe, hark ere geologikoki topografia laua duen auzo baten horizontea aldatzen baitu.

Nahiz eta Antropozeno hitzak gure aldiari eragiten dion eta bereizten duen aro geologiko bat definitu, proiektu honen “Testacciotik pappagallora” izenburuan, tokiko krisi egoera bat Antropozenoaren terminoetan definitzen duen lokalismo bat aurkitu dugu.

ESPERIENTZIA

Esango nuke guztiok bat gatozen puntua dela edozein sortze-prozesutan askatasunez huts egiteko beharraz hitz egitea, baina uste dut ez dela ahaztu behar Akademiaren ekosisteman sartzeak berekin dakarrela norbere buruarekin behin eta berriz estropezu egitea. Izakien eta diziplinen komunitate honek eskaintzen dizkigun denborak eta baliabideek aukera eman didate nire lan-prozesu batzuen inertzia hausteko eta, nola ez, zenbait alditan krisian sartzeko. Baina estresa alde batera utzita, denbora eta baliabide horiek aukera eman didate esperimentazio-eremuetan sartzeko, lan-prozesu magnetikoekin jolasean ibiltzeko eta material eta teknika berriekin erlazionatzeko.

Uste dut esan beharra dagoela Akademiaren habitata COVID-19aren pandemiak zeharkatu zuela. Nire lan-prozesura nolabait iritsi zen organismo ñimiño bat. Nahiz eta proiektua urrian hasi zen eskala handiko formalizazio batzuekin, prozesuak eta formak txikituz joan ziren pixkanaka, harik eta garbantzu baten tamainara iritsi ziren arte.

ERLAZIONATUTAKO JARDUERAK