PINTURA
Sevilla, 1964. Artista. Sentsibilitatea eta naturaren ekintza kontzientea besarkatzen dituen praktika aske gisa ulertzen dut artea. Pintura prozesu estetikoaren ikuspegi holistikotik lantzen dut, artea jolas, aktibismo eta norbere burua deskubritzeko era bezala praktikatuz. Azkenaldiko proiektu batzuk honako hauek izan dira: Perséfone sin velo (Juana de Aizpuru Galeria, Madril); Al borde del mundo (IVAM, Valentzia); Tuiza: las culturas de la jaima (Retiro Parkeko Kristal Jauregia, MNCARS, Madril) eta La canción del tomaco (MEIAC, Badajoz).
Partekatu:
Inspirazioaren misterioekin daukadan harremana mitoaren eta irudimenaren eskutik aztertzen duen serie piktorikoa da proposamena. Ikertze-lana gure kulturaren jatorri indigenetan murgiltzen da, jakinduriaren bila, eta hiru kapitulu dauzka. Lehenengoa hasteari buruzkoa da, eta bigarrena eraldatzeari buruzkoa. Hirugarren zatian, bizitzeko modu oro mugiarazten duen eta “lurraren espiritualtasuna” dei dezakegun energia-kontzientzia jorratzen da. Arteari buruzko gure postulatu klasikoen aurreko ideal estetiko baten arrastoei jarraitu nahi diet. Historialari batzuek azaltzen duten bezala, Ilargi jainkosari, Ama Lurrari edo Musei eskainitako erlijio-zeremonia herrikoietan bizitako esperientzia magiko batean sortu zen artea. Eguneroko artea zen, errituala, estasikoa, komunala eta prozesukoa. Musen eta Apoloren mitoa printzipio femeninoaren eta maskulinoaren arteko oreka hautsi zuen historiaurreko iraultzari buruzkoa da, patriarkatuak matriarkatua kendu izanarena, hain zuzen. Istorioan kontatzen da inbasio ariarrekin nola desagertu zen Mediterraneoan hedatzen zen Ama Jainkosaren jatorrizko mitoa. Jainko maskulinoek Jainkosaren papera alboratu zuten, giza kontzientziaren eboluzioko testuinguru berrian kokatu behar zelako. Orain, natura desakralizatu dugunean eta bizitza unitate bizidun gisa ikusteko gai ez garenean, agian beharrezkoa izango da antzinako Ama Jainkotiarraren izaera zein den sakon ezagutzea, hori galtzeak gizakioi eragindako ondorioak hobeto ulertzeko. Matriarka-tradizioaren ezagutza orain agertu diren mugimenduekin lotuta bezala ikusten dut, mugimendu horiek bizitza eraldaketa ekologiko eta sozialaren erdigunean jartzen duten heinean, beste mundu ikuskera batzuetan oinarritzeko aukerarekin, arterako eta gizarterako esanahi eraldatzaileko ahalmen bat askatuz.
Erromara iristea apaltasun-zaplaztekoa izan da. Leku honetako aberastasun historikoan murgildu izanak zirrara eragin dit, hunkitu egin nau eta neuzkan aurreikuspenak hankaz gora jarri ditu. Gainera, Erromara arte zaharra esploratzera etortzeak azpian zapal zaitzake, baldin eta esperientzia hurbiltze eta urruntze jolas moduan hartzen ez bada. Nire proiektuan musei dei egin diet, inspirazio piktoriko bila. Eta, zehazki, Homerok Iliadan egindako baieztapen batetik abiatu naiz: gure iragan urruneko une batean, Apolo jainkoak Musak bezatu zituen. Artea azaleratzen den gizarte-egituraren adierazpena bada, bere buruarekiko deskonektatutako gizarte baten sintoma soilik da nire artea, jainko-inspirazioa eta sakratuaren ingurunea galdu dituena. Hortaz, hemen nire lana ez da artea eta mito arkaikoak ezagutze hutsa izan. Barne-ikerketa izan da batik bat, eta neure burua unibertso handiago baten baitan ulertzeko saiakera. Prozesuaren esperientziari amore ematen saiatu naiz, gertatzen uzten, mentalki ez kontrolatzen ahaleginduta. Sekretu bat ikasi dut: gure obra egiteko prozesua ez dela jasan beharra dugun zerbait, baizik eta benetako zentzua noiz deskubrituko diogun zain dagoen zerbait. Artean egiten den edozein bilaketa infinitua da berezko izaeraz. Forma artistikoa handiagoa izaten da beti gure trebetasuna edo maila teknikoa baino. Egia hori ezagutzeak esnatzeko balio dezake, gure bilakaera artistikoaren amaierara ez garela inoiz iritsiko ulertze askatzailean. Bidea eginez, artearen espirituarekin harreman bat eraikitzen dugu, etengabe sekretu berriak erakusten dituena, hori ulertzeko dugun gaitasuna hedatu ahala.
Akademiaren estudioan lan egitea zoragarria izan da.. Lorategi aldeko leihate erraldoiak argiz betetzen du kaioen eta papagaien kantuan barreiatzen den espazioa. Ustekabeko pandemia iritsi denean, paradoxikoki, askatasun-eremu batean sartu gara. Konturatu egin gara bizitza zeinen ederra eta hauskorra den. Eguneroko gauzekiko esker oneko uneak izan ditugu: hiria, udaberriko loreak, janari ona edo maite dugun norbaiten ahotsa telefonoz. Elkarrekin egotea funtsezkoa izan da, Akademiako eguneroko bizitzan ez ezik, lankidetza-proiektuak egin ahal izateko, hala nola Susannak antolatutako pankarta-tailer animatua, Jose Ramon eta Anarekin egindako gurutze-bide iniziatikoa, Joanarekin izandako lankidetza magikoa eta guztiekin izandako elkarrizketa sortzailea. Eskerrik asko zuen maitasunagatik eta konplizitateagatik.