Madril, 1979. Kultur kudeatzailea, zuzendaria, aktorea eta eszenografoa. Arte eszenikoetako ibilbide profesionala eta diskurtso soziokulturala lotzen ditu eta sormen-prozesuetan publikoaren parte-hartzea izatea du xede. Userako Kubik aretoan eta haren sorkuntza-proiektuetan egiten duen lana erreferente bat da tokiko ingurunearekin eta herritarrekin bat egiteko espazioen kudeaketan.
2017an ekoizpen pribatu onenaren Max saria jaso zuen “Historias de Usera” lanagatik. 2016tik 2018ra, urte berri txinatarraren zuzendari artistikoa izan zen Madrilen, eta 2017an, berriz, Alcalá de Henareseko Corral de Comedias-en zuzendari ondokoa. 2020ko urtarriletik zuzendaritzari atxikitako aholkulari artistiko berria da Zentro Dramatiko Nazionalean.
Partekatu:
Storywalker web-plataforma batean oinarritutako kultura-esperientzia bat da eta soinu-fikzio geolokalizatuak dira bertako edukiak. Garbatella erromatar auzo ezaguneko bizilagunek kontatutako historiak dira sormen-prozesuaren abiapuntua, storytelling esaten zaionaren ildotik. Ibilbide horretan, auzoko historia horiek entzungo ditugu egiaz gertatu ziren lekuetan bertan, Espainiako eta Italiako dramaturgoek eta bertako aktoreek egindako soinudun-fikzioei esker. Auzoaren historia ofizialetik haratago, Storywalker honek auzotarrek beraiek sortutako intrahistoria bat eraiki nahi du, euren lotura emozional eta identitarioa sustatuz eta gainontzeko herritarrak deskubritzeko dauden bizipen eta soinuen mapa berri batera hurbilduz. Historia handiak egunerokotasunean, gertukoan, plazetan, tabernetan, kalean topatzen dugun jendearengan bizi dira. Esperientzia horrek arte eszenikoak hartzen ditu abiapuntutzat, zehatz esateko, irrati-antzerkiaren eta antzerki komunitario eta parte-hartzailearen herentzia. Gainera, Storywalker auzoaren memoriaren espazio birtuala izango da, etengabe eguneratua, eta auzotarrek euren historiak igo ahal izango dituzte plataformara, audio bidez. Storywalker Garbatellarekin batera, bi proiektu egin dira aldi berean: bata, Llaranes auzoan, Avilesko Udalarekin (Asturias); eta bestea, Madrilgo Udalarekin, Usera auzoaren eta Txinako Qingtian eskualdearen artean, Userako auzotar gehienak Txinako eskualde horretakoak baitira.
Erromako proiektu hau esploratzeko askatasuna izan da, hiria mapetako mugetatik haratago ezagutzeko askatasuna, periferietako aurpegi ezkutuak ikusten uzten ez duen kartografia osatugabetik haratago. Oinez ibiltzea esploratzea dela, eta esploratzea etengabe entzutea dela ulertzea. Entzutearen zentzua indartzea, Garbatella auzoaren bihotzera iristeko eta, haren muinean, biztanleen bizitza emozionala aurkitzeko. Lehen etapan, funtsezkoa izan zen galtzea, hiri batera iritsi berria zen kanpotar gisa, eta auzoa ezezagunetik ulertzea, harritzea eta hiriaren eguneroko soinuak lehen aldiz deskubritzea. Egunerokotasunaren parte izateagatik barneratuta eta onartuta dauden eta garrantzirik ematen ez zaien soinu horiek. Soinuen ezkutuko ehiztari bat banintz bezala soinuok deskubritu eta ingurunetik bereizi ahal izateak, storywalker.es proiektuan auzoko mapa birtualean kokatzeko, balio berri bat ematen zien soinuei, auzoaren nortasunari estu lotutako zentzu emozional berri bat. Bigarren etapan, inguruaren beraren azterketa historikoan sartu nintzen. Entzuteari lotutako prozesu dokumentala izan zen hau ere; batetik, auzoaren historia ofiziala zegoen eta bestetik, auzokoek beren istorio pertsonalen kontakizunekin sortutako intrahistoria. Historia horietan benetan sakontzeko, beharrezkoa zen komunitatearen parte izatea, hau da, komunitatean parte hartzea, historia ofizialetik haratago bere nortasuna ulertu eta partekatzeko eta elkarrekin eraikitako errealitate berri bat sortzeko. Badakigu komunitate bateko zati garela, zati egin zaituztela, kalean zabiltzala agurtzeko eta hitz egiteko gelditzen zaituztenean. Hilabete hauetan ohikoa izan da etengabe gelditzea Garbatellako bizilagun bat agurtzeko eta bere bizitzako historiak entzuten jarraitzeko. Hori auzo bat bizitzea da, bere historiak entzun eta kontatu ahal izatea. Eta hori Storywalker da, audioak geolokalizatzen dituen web plataforma batetik haratago, auzo baten esentziarik intimoena kontakizun, soinu fikzio eta soinuen bidez eramateko saiakera da. Bestalde, auzoko historietara egin dudan bidearen etengabeko konplize izan dira lankide bekadunak, etxe barruko patioetan etengabeko ibilaldiak eginez, leku egiazkoenetara hurbilduz bertako bizilagunekin hitz egiteko. Storywalken hau egiten lagundu didate Denise Despeyroux, Alberto Conejero, Pablo Remón, Pablo Fidalgo dramaturgoek eta Luca Oldoni eta Elena Olivieri italiar dramaturgoek; Elena Olivieri izan zen, gainera, auzo honen berri eman zidan lankidea. Baina, zalantzarik gabe, Garbatellako gizon eta emakumeak dira kolaboratzaile garrantzitsuenak, proiektu honek zentzurik ez luke horiek gabe, eta beste behin ere erakutsi dute beren historiak, egunero bizi dituztenak, direla beren auzoa ongien inportatzen eta definitzen dutenak.