Azkuna Zentroa - Irene Clementine

IRENE CLÉMENTINE ORTEGA

DISEINUA

Bilbo, 1986. 2008az geroztik, buru-belarri sartuta dabil sorkuntza artistikoan, moda-diseinuan eta ehunei buruzko ikerketa historikoan. 2011n Berlinera joan zen, eta han espezializatu zen antzinako ehunak datatzean eta industriaurreko jantziak eta XX. mende hasierako arropa zibila identifikatzean eta sailkatzean. Aldi horretan, Italian ikasten jarraitu zuen, eta herrialde horretan zuzeneko harremana izan zuen goi-modarekin eta jantzi pribatuen artxiboekin.

2015ean ehun-artxibo propioa inauguratu zuen, pieza kopuru handiarekin. Haren bezero aipagarrien artean daude Vogue, Esquire, Vice, Preassure Paris, Glossa Music edo Universal Music. Arte zuzendari lanetan ere aritzen da Palazzetto Bru Zanerentzat, Geneva, Paris eta Venezian egoitza duen Bru Fundazioaren menpekoa den erakundean.

2018an zehar New Yorken kokatu zen. Han, moda-kanpaina handietan parte hartu du, sektoreko profesional garrantzitsuekin lankidetzan: Galore Magazinen, GAPen nazioarteko kanpainan, Beth Fulton estilistarekin, edo DAZED Magazinen, Emma Wyman estilistarekin.

Partekatu:

FESTAKO ARRATSALDEA AMETS BARROKO BATEAN

Nire ehungintza eta eszenografia proiektuaren erakusketa Erromako hiriko espazio enigmatiko batean garatu dut; gorteko irudizko festa bateko tableau vivant berezia izango balitz bezala, ikuslearen begien aurrean urrun ageri den oturuntza zoragarria. Jai-desfile bat, bakanal barroko bat, proiektu honen arrazoibide narratiboaren barruan zentzurik handieneko antzerki-mota batzuen pastiche bat. Eszenaren estatismoa, pinturan berezkoagoa dena, iraunkorra eta mugiezina da.

Denboraz kanpoko pertsonaien ikuskizuna, betierekoak eta, aldi berean, iragankorrak, mezua soinekoaren bidez komunikatzen digutenak, oinarrizko ikusmenez: koloreak, ehundurak, formak. Keinuaren artifiziora itzultzea proposatu dut, keinua informazio, iradokizun, erronka gisa, jainkozko errebelazioaren emoziora itzultzea, naturatik, asmakuntzatik eta konbentziotik urrun. Objektu-janzkera bat sortzea proposatu dut, pieza bakar, oparo eta denboragabe multzoa, horiek jantzi dituenari ahalmen eraldatzailea emango diotenak, ezarritako rolekin jolasteko eta eguneroko hutsalkeriatik irteteko aukeran, alderdi sozial ezarriak markatutako zurruntasuna hautsiz.

Funtsezkoa izan da materialekin askatasunez esperimentatu ahal izatea. Tindatzeko pigmentu garbiak erabili ditut, eskuz jostera itzuli naiz, buruko fantastikoak egitera, ehunak berreskuratzera eta jantzi zaharrak aldatzera nahiz berrerabiltzera.

PROZESUA

Nire sortzeko eta ekoizteko prozesuaren bilakaera oso lotuta egon da urte honetan zehar gertatutako zenbait gertaerarekin. Museoetara, erakusketetara eta antzokietara egindako bisiten eta jantzien memoriak aztertzearen bidez nire ideiak egokitu eta zehaztu ondoren, nire irudi-artxiboan ordena eta egitura eman zezaketen pertsonekin lankidetza aktiboan hasi naiz. Giulia Venerandi fashion consultancy-n edo Maria Elena Masetti Zannini antzerki-eszenako zuzendaritzan izan dira, orobat hiriko modako eta ehungintzako beste profesional batzuk, nire proiektuaren hasierako ideiari garrantzia eta gorputza ematen lagundu didatenak. Piezak eta prototipoak osatu eta gauzatzeari dagokionez, Italiako hornitzaileekin lan egitea aukeratu dut gehienbat, eta horiek, aldi berean, beste hiri batzuetan aurkitzen zaila den joskintza klasikoko ezagutza eta esperientzia eskaini didate.

Martxoaz geroztik bizi izan dugun aparteko osasun-larrialdiaren ondorioz, nire ekoizpen-prozesua partzialki eten egin da. Hala eta guztiz ere, ekoizten jarraitu dut, modu intimoagoan eta gogoetatsuagoan, denborak era desberdinean onartuz. Erroma ez da kapitulu itxia niretzat, eta linbo-uda bitxi honen ostean, betiko erromantizismoan murgilduko naiz hirian, etorkizuneko proiektu hau eta beste asko burutzeko.

ESPERIENTZIA

Akademian egin dudan egonaldiak beharrezko tresnak eman dizkit, sormen eta ordutegi arloan askatasun osoz jantziak diseinatu eta egiteko proiektu bat gara nezan, lanaldi osoan.

Italiarekin harreman estua izan dut beti, eta orain ere badut, bai emozionala eta bai profesionala. Ehungintzarekin, zaharkin-salmentarekin, artearen historiarekin eta maitasunarekin izan ditudan lehen harremanak herrialde honetan izan ditut, eta pizgarriz nahiz ezagutzaz hornitu nau.

Akademian egon naizen bitartean, Erroma hiriak eskenatoki ezin hobea eskaini dit XVII. eta XVIII. mendeetako historian bete-betean murgiltzeko, ezin konta ahala bilduma piktorikoetan, arkitektura zirkularretan, pasabide sekretuetan; azken batean, nire fantasiak inspiratzen eta argitzen dizkidan Barrokoaren mundua.

ERLAZIONATUTAKO JARDUERAK