azkuna-zentroa-artistas-itziar-barrio

ITZIAR BARRIO

VIDEOSORKUNTZA

Itziar Barrio, Bilbo, 1976. New Yorken bizi eta lan egiten du. Bere lana nazioarteko espazioetan aurkeztu da, hala nola hauetan: MACRO (Erroma), PARTICIPANT INC (NYC), MACBA (Bartzelona), Belgradeko Arte Garaikidearen Museoa, Errepublikaren Bankuaren Museoa (Bogota), Abrons Arts Center (NYC), Anthology Films Archives (NYC), Salzburger Kunstverein (Austria), tranzit (Errumania), MATADERO (Madril), ARTIUM (Vitoria-Gasteiz) eta Habanako Bienala.

Gaur egun, New Yorkeko NEW MUSEUMeko inkubagailua den NEW INCeko kidea da (2020-2021). NYC Department of Cultural Affairs, Foundation for Contemporary Arts, New York Foundation for the Arts, Brooklyn Art Council, Espainiako Kultura Ministerio, Ertibil (lehen saria) eta BBVA Fundazioaren sariak eta bekak jaso ditu. New Yorkeko School of Visual Arts-en irakasle laguntzailea da eta hitzaldiak eman ditu NYU, Hunter College, MICA, Montclair University eta The New School-en. Duela gutxi egindako BY ALL MEANS erakusketa monografikoa Johanna Burtonek (Werner Center for the Arts zentroko zuzendaria eta New Museumeko komisario ohia) komisariatu du Azkuna Zentroan.

Partekatu:

PROIEKTUA

The Perils of Obedience Erroman

“The Perils of Obedience” boterearen sedukziorako eta pelikula bat denbora errealean egiteko diziplinaz gaindiko hurbilketa bat da. Filmatzen dituzten bitartean, lau performer zuzentzen dituzte eszena bat sortzeko. Pertsonaietan, kontu handiz aukeratutako eszena ikonikoetan, iraganeko gertaera historikoetan, manifestuen zatietan eta beren bizitzako narratiben interpretazioan kokatuz, proiektuak fikzioaren eta ez-fikzioaren arteko lerro fina desegin du. Etapa bakoitzean, tokiko erreferenteak erabili ditut, testuinguruaren kulturarekin lotutakoak. New Yorken (2013-2016), 1863an hirian jazotako eta The New York City Draft Riots izenarekin ezagututako matxinadekin, Donna Harawayren Cyborg Manifesto lanarekin (1983), eta A Streetcar Named Desire (1951) eta Basic instinct (1992) filmetako eszenekin lotutako testuak berraktibatu genituen. Bogotan (2015-2017) La Estrategia del Caracol (1993) lanaren eszenak berridatzi genituen. “The Perils of Obedience” iraupen luzeko multimedia proiektu bat da, gizarte-arauei buruz ezarritako nozioei aurre egiten diena, lan-baldintzei eta subjektibotasunari buruzko eztabaida zabalago batean parte hartzeko.

PROZESUA ETA ESPERIENTZIA

Botere mekanismoetan eta zinematografikoetan dudan interesak ezin hobeto egiten du talka Erromako lehen egunetan presaz bisitatu nituen Cinecittà (1931) estudioen jatorri eta helburuetan. Mussolinik sortu zituen, ordurako oso jabetuta baitzegoen zinemak propagandarako zuen gaitasunaz eta botere-egitura eta pentsamendu-sortzaile gisa zeuzkan ezaugarriez. Handik gutxira, eta espaziotik gertu, Europako mendebaldeko zinema-eskolarik zaharrena sortu zen, Centro Sperimentale di Cinematografia (1935), herrialdean arte zinematografikoa sustatzeko helburuarekin. Juan del Val eta Alessandro Andreiniren eskutik, Alfredo Bini ekoizlearen artxiboak eta Pier Paolo Pasoliniren Accattone (1961) film luzeko argazki finkoko liburua ikusi ahal izan nituen. Accattonek lan-arloari buruzko eztabaida interesgarria sortzen du: pertsonaia nagusia disidente bat da, sistemak araututako lanpostu bat bere gain hartzeko gai ez den norbait, eta, beraz, legez kanpoko jarduerak egiten ditu bizirik iraun ahal izateko. Gainera, PPP mitoa da berez, eta bere sentsibilitatea eta inplikazio politikoa -zehatzago, marxista- eta identitate homosexuala ere funtsezkoak izan ziren berarengan eta bere obran arreta jar nezan, Italiako zinematografiari buruzko ikerketa luze bat egin ondoren.

Boloniara egindako bidaia batzuetan -han jaio eta ikasi baitzuen PPP-, Roberto Chiese elkarrizketatu nuen (Cinetecako PPPren artxiboen zuzendaria) eta PPPren hiriko bizitzako hainbat gune garrantzitsu grabatu nituen. Horien artean, eta Federica Falanciari esker, Galvani Lizeoan grabatu ahal izan nuen. Accattone Erroman filmatu zen, Trastevere, Testaccio eta Pigneton. Haietatik ibili nintzen, gero jatorrizko film luzeko plano-balio berarekin erregistratzeko, baina oraingoan hutsik, Boloniako espazioak bezala.

Letizia Cortinik, Claudio Olivierik eta Alessandro Stoppolonik gidatu ninduten Archivio Audiovisivo del movimento operaio e democratico artxiboan, batez ere aurreko mendean emakumeek burututako italiar langile-matxinadak bilatzeko. Eta arkeologia klasikoan doktore eta John Cabot Unibertsitatean irakasle den Sophy Downesekin, Erromako Historia eta Arkeologiaren Espainiako Eskolako (CSIC) zientzialari titular José Ángel Zamorarekin eta beste aditu batzuekin izandako elkarrizketak oso garrantzitsuak izan ziren Erromako mitologia sakon ulertzeko, fikzio, historia eta botere-egitura gisa.

ERLAZIONATUTAKO JARDUERAK