Madril, 1965. Filosofia eta Letretan doktorea, Artearen Teoria eta Estetikan masterra Madrilgo UAMen, eta Arkitekturan masterra Princeton-eko SOAn. Hark egindakoak dira El viaje sin distancia (Cendeac, 2004) eta Violación Nueva York (Lince, 2011). Arte eta Arkitektura Proiektu eta Kontzeptu Aurreratuak ikasgaiko irakaslea izan zen zazpi urtez New Yorkeko Cooper Union Unibertsitatean. Erakusketak egin izan ditu, besteak beste, New Yorkeko Nazioarteko Argazki Zentroan, ARCOn eta Madrilgo MNCARSen.
Sistemak analizatzen ditu Leok. Patroiaren funtzionamendua eta gizabanakoengan duen eragina erakusten du bere lanean. Gertaerekiko paraleloan bizi den egoera emozionala dokumentatzen du, irudiekin eta testuekin. 2008an, Fundación MoSis, Modelos y Sistemas; Arte y Ciudad sortu zuen.
Partekatu:
Utopia errealitate bihurtu den mundu bat: ustelkeria ez da boterearen elementu bat. Sexismoa ez da kulturaren osagaia. Aktibismoa ez da marketin-estrategia bat. Politikariak oharkabean pasatzen dira, albiste izan ordez. Izapide burokratikoak laburrak eta sinpleak dira. Bizitza erreala da, ez teknizismo hutsa.Benetako distopian egindako ibilaldia: eguneroko bizitzan, izapide amaigabeak absurdora iristen dira, prozeduraren indarkeria da. Zenbat eta pobreagoa izan, orduan eta handiagoa da burokraziaren presentzia eta eragina. Oficina filmean, funtzionario bat hizketan ari da . El Burócrata dokumentuak manipulatzen dituen robota da.
Gehiegizko burokraziak Norbanakoaren eta Estatuaren arteko konfiantzarik eza erakusten du. Baina bada herritar/gobernu harremana desitxuratzen duen beste forma hilgarriago bat: zabarkeria. 154 Bofetadas bideoa koronabirusa hedatzea prebenitzeko neurririk hartu ez zuen politikari bakoitzak, dimisioa eman ondoren, bere buruari egin beharko liokeenaren irudia izan daiteke.
Immigrazio bulegoaren aurrean, gaueko mamuak bezala, immigranteak pasaportea edo bisa eskuratzeko ilaran daude: La cola de inmigración . Naturaltzat jotzen da hain alienazio handikoa izanda onartezina den bizimodu bat.
Estatuak, laguntzean paternalismoz jokatuz, ezgaitu eta kendu egiten du eman baino gehiago. Corvialeko arkitektura bikaina da, eta bistak ikusgarriak dira; baina ez dago ez kudeaketa ez zerbitzurik kilometroa neurtzen duen eraikineko milaka lagunentzat; etxebizitza soziala porrota dela egiaztatu nahi du. Via di Saloneko “Villaggio della Solidarietà” izenekoan ez dago ez arkitekturarik ez paisaiarik. Estatuak ijitoek egindako etxe bakanak suntsitu zituen, eta ezerezaren erdian zeuden edukiontzietara eraman. Sei hilabete izan behar zuten, baina hamaika urte daramatzate latorrizko kutxetan. Bizitza ez da izapide hutsa.
Makiavelok inspiratuta [gobernua gogorregia bada gobernatuak matxinatu egiten dira, horiek otzanegiak badira gobernuaren ustelkeria gorantz doa…], estatuaren tresna baten bidez (burokrazia) haren paternalismoa eta populismoa arakatzeko asmoa daukat.
Bulego publikoak bisitatzen ditut, erregistro zibila horien artean, eta hango espazioen argazkiak ateratzen ditut, eta erabiltzaileen aipamenak irakurtzen ditut webgunean. Elkarrizketak egiten saiatzen naiz, baina Italian inork ez du burokraziari buruz hitz egin nahi. Peter Eisenmanek zioenez, dena ondo doala sinestarazten dio jendeak bere buruari. Badaki ez dela egia, baina zerbait ustelduta dagoela aitortzea ez da aurrerapausoa, autoestimuari jotako kolpea baizik.
Erromako egonaldian lehenaldi bat eta ondorengo bat izan dut: Stalker taldea. Itxura batean Erromako hiritar “normalentzat” burokrazia arazoa ez izateak “apartekoentzat” arazoa al den ikertzera narama. Horrela iritsi naiz lan gehiago egin nahi duen emakumezko funtzionarioarengana, pasaportea berritzeko immigrazio-ilarara goizaldean, eta buhameen eremuetara, arazo burokratiko batengatik, udal-programa baten eraginez, eusteko eremu diren horietara: edukiontziak eta burdin hesiak.
Martxoan Koronabirusaren krisia lehertu zen. Sabrina Sejdovicen bidez bizi izan dut Erromako pandemiaren konfinamendua. Hark Nomadi Via di Salone eremutik WhatsAppez bere egunerokoa kontatu dit (Caritas itxi dute / 2 egun jan gabe / Pantxoren adiskide abokatua laguntzen saiatu zaio / sukarra duen egunak / Caritas berrireki dute). Eskolara ez doazen bere haurrekin marrazten jardun du. Haren sukaldeko armairuetan nabil, harekin egindako filmagatik ezagutu nuen lekuan (Salone, una vida de contenedor)… espageti-paketea, dilista eta arroz poltsa bana. Besterik ez, ez dago laranjarik, tomaterik, gaztarik eta abarrik. “Aurrera goaz, Jana, bagoaz”, esaten dit egun onetan. “Haurdun nago, ez dago lanik, ez dago janaririk, denak berdin gaude eremuan”, esaten dit egun txarretan. Egunero hitz egiteari utzi diogu konfinamendua lasaitu denean eta bizitzaren bila irten denean.
Azaroan Erromara iritsi nintzen, bisitariarentzat hiri erraza, baina artista/ekintzailearentzat zaila. Hala ere, baditut estudioa, taldea eta kideak. Bi hilabeteko egonaldiaren ostean, ardura bakartzat nire ideiak eta izatea nituela, egoera ameslari batera iritsi naiz. Horrela jaio da 154 Bofetadas. Ez da une zoriontsua, bai indartsua, ordea. Ausazko zirkunstantziengatik, zaplazteko bat bezala iritsi zait gure mugetako baten oroigarria: zahartzaroa.
Proiektu honekin Akademian parte hartzea jarrera kritikoa da dagoeneko, eta nire eguneroko bizitza artista-egoitza baten definizioa aldatzeko ariketa da. Egonaldiarekiko dudan jarrera ez da dibertitzeko, lasaitzeko eta kontaktuak egiteko baliatzea. Han bizitzearekin instituzioa moldatzen aritu naiz. Izatea da eraldatzeko indarrik handiena.
Gizabanakoaren eta estatuaren arteko harremana gai garrantzitsua zen bere garaian, baina COVID-19arekin erabakigarria izan zen 2020an eta 2021ean. Trumpek AEBetan edo Ayusok Madrilgo Erkidegoan pandemia kontrolatzea askatasuna mozteko era gisa ulertu izana horren adibide bat da. Jende asko hil da, eta nik politikarien akatsak eta gizabanakoaren eta estatuaren arteko konfiantzarik eza erregistratuko ditut.