LITERATURA
Barbastro, 1962. Espainian bere belaunaldiko poeta eta narratzaile nagusietako bat da. 2016. urtean argitaratu zuen Poesía Completa.1980-2015, Visor argitaletxean.
Espainian eskaintzen diren poesia saririk entzutetsuenak irabazi ditu, hala nola Jaime Gil de Biedma, Ciudad de Melilla edo Generación del 27. Haren poesia-liburuen artean aipagarriak dira Resurrección (2005), Calor (2008) eta El hundimiento (2015), guztiak ere Visor-ek argitaratuak. Eleberriak ere ondu ditu: España (2008), Aire nuestro (2009), Los inmortales (2012), eta El luminoso regalo (2013), denak Alfaguarak argitaratuak. 2015ean Setecientos millones de rinocerontes kontakizun-liburua argitaratu zuen (Alfaguara). Hark eginak dira Lou Reed era español biografia eleberri bihurtua (Malpaso, 2016) eta América bidaia-liburua (Círculo de Tiza, 2017). 2018an Ordesa eleberria argitaratu zuen, eta arrakasta handia lortu zuen Espainian, ehun mila ale baino gehiago salduta; gainera, 20 herrialde baino gehiagotan kontratatu zuten. Ordesa urteko liburua izan zen Espainiako komunikabide askoren iritziz, esaterako, “Babelia”, “La Vanguardia” eta “el Mundo”. Orobat, Frantzian argitaratutako atzerriko eleberri onenaren Fémina saria ere irabazi zuen. 2019ko urrian, Planeta Sariko finalista izan zen Manuel Vilas, Alegría eleberriarekin.
Partekatu:
Nire proiektuaren grabitate-zentroa Erroma da, baina ez dut nahi bakarra izaterik. Italia osoak erredentzio, gotorleku eta barne-gaztelu giroko espazio narratibo bat sinbolizatzea da nire asmoa. Horregatik, proiektua gauzatzeko, Erromatik Italiako hiri batzuetara bidaiatu beharko dut, nire eleberriko protagonistak bidaia hori konta dezan.
Eleberriaren behin-behineko izenburua Belleza da. Edertasunera hurbiltze narratiboak espazio literario bat behar du. Erromako espazioko narrazioa eta introspekzioa behar ditu. Baina Erromatik hurbil badira bisitatu nahi ditudan beste sei hiri eta ingurune, sei espazio horiek edertasunaren emari ideologiko eta morala zabaltzen dutelako ustean.Materia ulertzeko modu ederrekiko azken lilura baten historia autobiografikoa kontatzea da kontua, errealitate indibiduala eta errealitate soziala oinarritzen duen guztia ulertzea.
Erromako espaziotik sei hiri horietara eta inguruetara bidaiatuko dut (produkzioko atalean zehaztu dut): Florentzia, Turin, Bari, Genova, Bergamo eta Agrigento. Literatura aldetik interesatzen zaizkidan sei hiriak dira. Horietako bakoitzean gutxienez astebetez egon nahi dut: bakoitzeko kaleak eta izpiritua zeharkatu, eta hiri horietara literatura eta eleberria lekualdatu,
Erromako ikuspuntuaren jarraipen gisa. Nobelako protagonistarentzat Erroma beste hiri horietara hedatuko baldin balitz bezala.
Erroman dagoen Espainiako Akademian osatu dudan literatur proiektua oso emankorra izan da. Inguruabar interesgarri batzuk izan dira; garrantzitsuena izan da nola nire jatorrizko proiektua aldatzen joan den Erroma hiriarekin dudan elkarrizketa etengabean. Egiaztatu behar dudana da nire jatorrizko proiektuak genero literario aldaketa jasan duela. Hasiera batean, aldez aurreko planteamendua narratiboa zen, eta eleberri bat idaztea nuen helburu. Ustekabean, ordea, poesia nagusitu da.
Nire lan-egikera Erroman barrena ibiltzea izan zen (Florentziari buruzko kapitulu bat ere badago), hango kaleetan oinez ibili, bertako museoak eta grabitate-zentroak bisitatu, eta gero bizitako hori guztia literatura bihurtu. Egunero hiriaren esentzia bilatzera irtetea izan da nire plana. 3 eta 4 ordu bitartean ibiltzen nintzen egunero, eta hainbat ibilbide eraiki ditut. Erroma hiriko eguneroko bizitza arrunta, jendearen bizitza, tabernetako, dendetako, kaleko, garraio publikoko eta abarretako bizimodua ezagutzea ere bazen nire proiektuaren oinarria.
Nire asmoa hiria ezagutzea izan da, hura ikastea, hizkuntza bat ikastea balitz bezala. Erronka nagusia hango hirigintza, proportzioak eta misterioak menderatzea izan da. Hiri guztiek dauzkate misterioak.
Espainiako Akademiak Erroman duen bezalako eraikin batean bizitzeak ere bere literatur bertsioa izan du nire lanean. Eraikin guztiz berezia da. Esanahi historiko porotsua du.
Oso pozik nago azken emaitzarekin, eta nire lana emankorra izan dela uste dut.