Azkuna Zentroa - Montse Lasunción

MONTSE LASUNCIÓN

KONTZERBAZIOA

Canet de Mar, Bartzelona, 1977. Artearen Historian lizentziatua eta Kultur Ondasunen Kontserbazio eta Zaharberritzean diplomatua, duela urte batzuetatik hona lanbide horretan dihardu. Gaur egun, Ondare Historikoaren Kontserbazio Egoerari buruzko Diagnostikoa Masterra egiten ari da.

Katalunian zaharberritze-proiektuetan lan egin du, eta eskarmentua biltzen joan da hainbat espezialitatetan: eskultura polikromatuan, horma-pinturan eta arkitektura-estalduretan, besteak beste.

Italian bizi izan da eta lan egin du urte batzuetan, egoitza nagusia Erroman zuela, eta beste hiri batzuetan denboraldiak igaroz, hala nola Milanen eta Ponpeian.

Erromatik Lyonera ere joan-etorriak egin ditu, katedralean eta hiriko beste monumentu batzuetan kontserbazio eta zaharberritze lanak garatuz.

2016an Espainiara itzuli zen, Santiago de Compostelara orduan, Pórtico de la Gloria zaharberritzeko taldean sartuta.

2018an Portugalera joan zen, eta zaharberritze-proiektuetan hartu zuen parte zenbait hiritan, besteak beste, Bragan eta Lisboan. Hiriburuan bizi da orain, hurrengo proiektuak beste norabait eramango duen arte.

Partekatu:

FORMATU HANDIAK HUSTEKO TEKNIKAK XIX. MENDEAN

XIX. mendean zehar monumentuak berregin ziren mundu osoan zehar, eta horien kopiak ikusgai zeuden erakusketa unibertsaletan nahiz orduan erreprodukzio museoekin batera sortzen ari ziren museo publikoetan. 

Areto bakarrean, 1:1 eskalan, frantziar arkitektura gotikoko ale bikainak ikus zitezkeen; Indiako meskitak eta stupak; Kanbodiako Angkor Wat-eko tenpluen zatiak edo Erroma klasikoko ikur-monumentuak, hala nola Trajanoren zutabea edo Titoren arkua.

Argazkiekin baino lehenago, munduko ondarea 3Dan zabaldu zen igeltsuz egindako kopiekin.

Kopia eskuratzeko balio duten moldeak egiteko, trebetasun handia behar da, eta erabilitako teknika eta materialak zehatz ezagutzea.Baldin eta modeloa monumentua edo eskultura bada, kontu handiz ibili behar da, ereduari kalterik ez eragiteko orbanez, ebakiz edo hautsiz.

Elastomero sintetikoak agertu aurretik, ezin konta ahala material erabili ziren inprimatzea jasotzeko: igeltsua, buztina, argizaria, ogia, papera, kolak, eta abar.

Bertatik bertara, bizkor eta baldintza kaxkarretan egindako lan horietan erabilitako materialak eta prozedurak aztertzen ditut.

Ia erabat ahaztuta dauden praktika horietako batzuk katalogatzeko asmoa daukat, bai eta ikerketa zientifikoko ildo berriak ireki ere, identifikatzeko eta karakterizatzeko, prozesu horiek ondarean eragin ditzaketen ondorioak ebaluatzeko protokolo bat garatuta.

PROZESUA

Lan horiek egiten zituzten artisauetako asko Italiatik zetozenez, eta azkenean Europa osoan ezarri zirenez, italiar prozedurak beste herrialde batzuetara iritsi ziren.

 

Erroman, XVIII. mendeaz geroztik ari ziren monumentu eta eskulturen gainean moldeak sarri egiten.

Horregatik guztiagatik, artxiboetan aurkitutako iturri ofizial lehen mailakoetan zentratu naiz: instantziak, baimenak eta araudiak, eta haietatik informazio oso baliotsua lortu dut erabilitako materialei buruz, eta agintariek monumentuak babesteko ezarri zituzten murrizketez eta debekuez.

Era berean, hiriko zenbait artelanen gainean moldekatze-prozesuak egitea eskatu zuten protagonista eta erakunde batzuen izenak ezagutu ahal izan ditut.

Datu horiek garai hartako errezetak eta prozedurak jaso zituzten eskuliburuetan bildutako informazioarekin alderatu ditut, edizioak aurkituz eta aztertuz, bai eta Frantziako, Ingalaterrako eta Italiako jokamoldeak alderatu ere.

Orduan ohikoa izaten zen artisauek anatomien eta natura hilen erreprodukzioak egitea, biak ala biak jardunbide aski zabalduak XIX. mendean; monumentuen gainean erabilitako teknikekin lotura interesgarriak zituztenez, kopia mota horiek ere interesatzen zaizkit.

Material batzuk testatzen ari naiz, eskuliburu horietako errezetei jarraituz, laborategiko saiakuntza-proposamen bat diseinatzeko balio didaten hainbat materialekin eta igeltsuzko erreprodukzioekin moldeak eginez, gerora aztertuko diren mikroskopia elektroniko bidez, beste teknika analitiko batzuen bidez eta zahartze azeleratuko test bidez.

ESPERIENTZIA

Nire lanerako, hasita neukan prozesu bateko hurrengo etapa da.Aro erromatar honek ikerketa-bide berri iradokitzaileak zabaldu dizkit.Horretan jarraitzeko gonbidapena da.

Besteei entzutean, partekatzean eta jakin-minez jarraitzean, interferentzia zinez estimulatzaileak iritsi zaizkit; nire lana gauzatzeko eta bistaratzeko ideiak eskaini dizkidate.Nork bere burua berriz asmatzera gonbidatzen gaituzte.

Gainera, Erroma berriz bizitzeko astia izan dut beste begirada batzuei jarraiki, eta begirada lasaigarriak izan dira beti.

ERLAZIONATUTAKO JARDUERAK