Vigo, 1984. Pablo Fidalgo eszena-sortzailea, idazlea eta zuzeneko arteen komisarioa da. Pieza eszeniko hauek estreinatu ditu: O estado salvaxe. Espanha 1939 (2013), Habrás de ir a la guerra que empieza hoy (2015), Público egunkariak (Portugal) urteko antzerki-ikuskizunik onena bezala aukeratua.
Lan horiek, “Mis padres: Romeo y Julieta” (Pre-textos, 2013) liburuarekin batera, biografia pertsonal eta familiarraren bidez eratutako historiaren memoriari buruzko ikerketa-proiektu baten parte dira. 2017an “Daniel Faria” (Teatro Nacional Dona María II Lisboa) estreinatu zuen, eta 2018an bere azken ekoizpena, “Anarquismos. Por el centro de la habitación corre un río más claro”.
Poema-liburu hauek argitaratu ditu: “La educación física” (Pre-Textos, 2010), El Culturalek 2010ean Espainian argitaratutako 5 poesia-libururik onenen artean aukeratua, “La retiración” (Injuve Saria, 2012, Artesequienpueda ediciones, 2014), “Tres poemas dramáticos” (Ediciones Liliputienses, 2015), “Esto temía, esto deseaba” (Pre-textos, 2017) eta “Crónica de las aves de paso” (Rialp Ediciones, 2018, Adonais Sariaren akzesita). Bere poemak antologia desberdinetan bildu dira, eta bere liburu batzuk Argentina, Txile, Portugal eta Frantzian argitaratu dira. Eszenarako testu hauek idatzi ditu: “Só há uma vida e nela quero ter tempo para construir-me e destruir-me” (Ciclo Panos, Culturgest, Lisboa, 2015) eta Allez mourir plus loin (HTH, Montpellier, 2016). Eszenarako bere testuak liburuki hauetan daude jasota: “Autobiografía de mi generación” (MARCO, Vigo, 2014) eta “Tres poemas dramáticos” (Ediciones Liliputienses, 2015). 2019an “Parangolé” (Chan da pólvora), galegoz idatzitako bere lehen liburua, eta “Anarquismos/Daniel Faria” (Papeles mínimos) argitaratu zituen.
Arte eszenikoen zikloetako komisarioa izan da MARCOrako (Vigo) eta Alhóndiga Bilbaorako. 2015etik, Cidade da Culturako (Santiago de Compostela) Escenas do cambio jaialdiko zuzendari artistikoa da.
Partekatu:
Qualcosa nascerà da noi
Gure aurrean gizon bat, denboraz kanpoko presentzia bat, ezin zehatz dezakegun leku batetik hizketan hasten zaiguna. Aipatzen du 60 urterekin manifestu bat idaztea, izan ere, “adin honetan batek manifestu bat idatz dezake, /orain bai eta ez gaztaro betean,/ eta saia daiteke antzematen zein une zehatzetan gertatu zen bere benetako bizitza”. Gorputz bat, burua estalita, plastikozko poltsa bat buruan duela, dagoeneko 30 urte dituen maitasun batez ari dela, inoiz zehaztu gabeko, argitu gabeko intimitate batez mintzo dela. Gizon bat kontatzen diguna bera munduaren beste aldean geratu zela, eta duela 30 urtetik elkarri hitz egin eta idatzi besterik ez dutela egiten, azalean gertatzen dena baino errealagoa den aurrez aurreko bat sortzen dutela absentzian. Geure buruari galdetzen diogu, zer du politikotik ezinezko maitasun batek, zer erresistentziatik? Zer du erresistentziatik idazketak, hainbeste urtetan? Agian, Lévi-Straussek zioen bezala, testuaren esklaboak gara, baina esklabotza hori da daukagun gauza bakarra…
Erromara joan nintzen Sandro Penna eta Amelia Rosselliri buruz lan egitera. Beren bizitza ikertu nuen, hiria ulertuz joan nintzen irakurketen bidez, erdigune eta aldirietatik ibilaldiak eginez. Pixkanaka-pixkanaka, bi poeta handi-handi horiengandik urruntzen joan nintzen, agian handiegiak direnak edo nire oraingo interesetatik urrunegi daudenak. Gero eta gehiago piztu zidan arreta 1950 eta 1960ko hamarkadetako Erromak, erresistentzia politikoaren Erromak, Pasoliniren Erromak eta Nico de Alessandriarenak. Lehen asteetan ohitura nuen Ripa Grandeko pasealekuan pasieran ibiltzeko eta lan egiteko. Asko irakurri nituen beste poeta batzuk, hain zuzen, Mario Luzi eta Cristina Campo. Cristina Camporen gutunak irakurrita, ulertu nuen maitasun ezinezko handia bizi izan zuela Mario Luzirekin. Eta irakurri nuen Erromako lekurik gogokoena Cristinarentzat Sant'Anselmoko abadia zela. Aventinoko parke eta elizen atze-atzean, nik Ripa Grandetik begiztatzen nuen horretan, duela 50 urte, bera goizeko seietako mezetara joaten zen, eta han, plaza hartan bertan, lagun batzuekin egoten zen, besteak beste, Alessandro Spinarekin. Erromako paisaia ezezagun eta misteriotsu horretan, eta nire ohiko lan egiteko moduarekin jarraituz, Juan Lorienterekin izandako elkarrizketetatik abiatuta, Qualcosa nascerà da noi ilunpetako pieza bat bezala aurkezten da, non gizon batek bere bizitza berraztertzen duen eta beste zerbait izateko, beste maitasun bat bizitzeko, munduaren aurrean beste modu batean aurkezteko aukerak agortzen dituen.
Ripa Granden eserita zaude eta jada existitzen ez diren Marconirako itsasontzien ordutegiak ikusten dituzu. Centocelleko geltokian eserita zaude Mirti ostatuaren aurrean. Hilerri akatolikoan eserita zaude, Gregory Corsoren hilobi aurrean. Doria Pamphili parkeko belarretan etzanda zaude. Quarticciolo Antzokian edo Via Appian eserita zaude. Eserita zaude, erresistentzia-keinu bat balitz bezala. Sgombron zaude, Cinema Palazzon. Jose eta Lucíaren etxean zaude literatura unibertsalari buruz pontifikatzen. Eserita zaude Bifo entzuten eta jendea bere ondotik igarotzen da berari erantzuteko eta galderak egiteko. Caracallako termetan zaude, De Gregori entzuten. Olímpicon eserita zaude Tottiren gol bat ikusten. Lo egiten ari zara norbaitek San Lorenzon utzitako pisuan. Porta Portesen zaude, 5 euroren truke Quasimodoren sinadura originala duen liburu bat erosten. Largo Argentinako Feltrinelli kafetegian eserita zaude, amodioa egiteko nerabeek komuneko giltza elkarri nola pasatzen dioten ikusten. Bigarren eskuko liburu-denda faxista batean zaude, historiari buruz eztabaidatzen, baina libururik onenak eramaten. Passegiata handi baten erdian zaude, eta San Alessioko basilikan zaude, Aventinon. Carmelo Bene ikusten ari zara 1990eko hamarkadako Rain, Fontanonen bainatzen ari zara, eta ezin da jakin iristen ari zaren edo hiritik joaten ari zaren. Goizegi da jakiteko. Erromarekin istorio bat zegoen jada, hiria nahasten duzu eta hiriak nahasten zaitu. Hiriak ezin ditu zure kontraesanak jasan eta zuk ezin dituzu jasan bereak. Erdibide bat bilatzen saiatzen zarete. Aurkitzen duzue.
Anna Talens Qualcosa nascerà da noi-ren entsegu-prozesu osoaren parte izan zen. Bere presentziatik eta gauza askori buruz duen ikuskeratik abiatuta eraiki ahal izan dugu pieza. Fernando Sánchez Cabezudorentzat Storywalking Garbatella proiektuko pieza bat idatzi dut. Irailean prest egongo den argitalpen bat diseinatu eta argitaratuko du Silvia Fernández Palomarrek, Qualcosa nascerà da noi piezaren testuarekin, eta aurtengo memoria bat. Lara Dopazori eskertzen diot galizieraz dauden nire bi liburuak zuzentzea. Laguna eta inspirazio handi-handikoa den Pedro G. Romerok gertutik jarraitu du sorkuntza.