SUSANA TALAYERO Bilbon jaio zen (1961). Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatu ondoren, Erromara joan zen. Bertan bizi izan zen 1986tik 1996ra, eta hantxe ekin zion ibilbide artistikoari. Bilbora itzultzean, pinturaren eta marrazkiaren arloan aritu da, eta pieza laburrak egin ditu bideoan.
Gaur egun egiten duen lanean, pinturaren, euskarriaren eta betetzen duen espazioaren arteko erlazioak aztertzen ditu (prekarietatearen eta hausturaren ideiaren inguruan egiten dituen muntaietan oinarrituta), ekosistema berezko eta enigmatiko bat egiteko. Hor, landareen / animalien eta gizakiaren iruditeriatik hartutako irudiek dute protagonismoa, eta itxura surrealistarekin beren ezaugarriak trukatzen dituzte arketipo edo metafora bihurtzeko. Horrela, erretratuek izaera zoomorfikoa hartzen dute, eta animaliek, berriz, giza formak.
Berriki egin dituen erakusketen artean, honako hauek nabarmentzen dira: "Presagios", Casa de Cultura de Santanyí, VII Premi d’Arts Visuals, Mallorca (2021); "El oscuro en su interior", CarrerasMugica galeria, Bilbo (2019); "Relatos de entrenamiento", Burgosko CAB (2018); "Una certa organizzazione delle cose", AOC F58 galeria, Erroma (2017), eta "Kronika geldiezina 1987-2016", Bilboko Arte Ederren Museoa (2016). Gaur egun, haren obra erakusketa kolektibo hauen parte da: "Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 bitartean", Artium, Vitoria-Gasteiz (2021) eta "Soplo, arnasketa saiakerak", Yacimiento arqueológico, Bilbo (2021).
Partekatu: