Iruñea, 1978. Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta, besteak beste, Itziar Okariz, Esther Ferrer, Julie Mehretu, Miroslaw Balka eta Peio Aguirre artistek eta komisarioek emandako mintegi eta tailerretan osatu du prestakuntza.
Azken urteetan Italian, Kurdistanen, Kuban, Austrian, Mexikon eta Txinan egin ditu egonaldiak.
Bakarkako erakusketa hauek egin du: Madril: Tabacalera Promoción del Arte (2017), Raquel Ponce Galeria (2013), RMS El espacio (2011); Bilbo: Carreras Múgica galeria (2017), Gio Bat (2015), Rekalde Aretoa (2014); Habana: Artista x Artista (2016); Mexiko Hiria: Ateneo Español de México (2012), AN Studio (2011), eta Iruñea: Polvorín de la Ciudadela (2008). Bere azken erakusketa kolektiboen artean, “Complexo Colosso“n parte hartu zuen Guimarãesko (Portugal) CIAJG zentroan.
Sorkuntza artistikoko eta errekonozimenduko hainbat beka jaso ditu, hala nola lehen saria XV. Concurso Pamplona Jóvenes Artistas lehiaketan (1999) eta bigarren saria XXIV Certamen Encuentros de Navarra lehiaketan (2007). Bestalde, Biennal d’Art Ciudat d’Amposta (2020) eta Itzal Aktiboa Sarian (2018) aukeratu dute, besteak beste.
Partekatu:
Roma interrotta
1978an, nazioarteko arkitekto garrantzitsuenetako 12k gonbita jaso zuten Erroma birpentsatzeko, Giambattista Nollik 1748an marraztutako planoa abiapuntutzat hartuz.
Premiazkoa zen bi mende lehenago gelditutako hiria, bere betiko iraganaren biktima zena, berriz imajinatzea. Aldo Rossik dei horri erantzuteko landu zuen proiektuak “hiri analagoaz” zuen kontzeptu berezia garatzen zuen, arkitektura eta hiria historiatik pentsatzea bereizgarritzat zuen prozesu-metodologia bat.
Nire proposamenak hurbilketa esperientzial bat planteatzen du egungo Italiara, Rossiren pentsamendu analogoaren estrategiak erabiliz, bere iraganeko zati disonante eta gatazkatsuak gehituz eraikitako herrialde baten irudi multiformean oinarritutako lan piktoriko bat garatzeko. Jungen arabera, pentsamendu hori “ez da diskurtsoa, baizik eta iraganeko materialei buruzko gogoeta, barrurantz iraulitako ekintza bat”, eta, horren bidez, izaera politiko eta historikoko hiri-estratifikazioko kasu zehatz bati helduko diot: faxismoaren hogei urteetako hondar grafiko eta monumentalei, zeinak gerra ondoko beste hondakin material batzuekin, erresistentziaren memorialekin eta oroitzapen-lekuekin batera dauden.
E.F.
Haragia martxan.
Etorkizuna hemen dago -zioen-, eta horretan jarraitzen dugu. Boterea boterearen ondoren, potentzia potentziaren ondoren. GARAITZEA GARRANTZITSUA delako, BAINA BORROKATZEA GARRANTZITSUAGOA DELAKO. (Nahiago nuke han biziko balira, Forli kanpoaldean, “Villa dei Ricordi”n). Burgosko iparraldeko herrixka txiki batean, honako hau irakur daiteke oraindik harkaitz gainean: Europa faxista edo faxistizatua izango da.
SI, SI, SI, SI, SI, SI, SI
Poesia suntsiezina. Gorputz masiboak loriaz egarri.
Baina badira bizitza bizitzeko beste modu batzuk: memoriarekin, aukerekin, mailarekin.
Borroka laua, eta bidean geziak ikusteko makina bat. Zahartu egingo gara, hil egingo gara, eta batzuek gogoratu beharko gaituzte, guk lehen izan zirenak gogoratzen ditugun bezala.
Ez pinturari, ez ezagut daitekeenari.
ME NE FREGO
Loditasuna ez dago materiaren kopuruaren mende, zentzuaren mende baizik. Paperean egia kontrajarriak pilatzen dira, euforiaren antzeko zerbait. Horrela hasten da dena, PER NON DIMENTICARE, sekulako elegia osatzeko. “Un popolo di poeti di artisti di eroi di santi di pensatori di scienziati di navigatori di trasmigratori”. Hori ere harrian idatzita dago.
CHI SI FERMA É PERDUTO.
Ez gorputzaren epikari, ez teknikari.
Ez zen egia, pintura ez zen hil eta ideologiak ere ez, bat ere ez. Eskerrak artean bizidun guztiak sartzen diren, historiaren pisua hiletan neurtzen baita beti. Egotearen egoteaz, paisaian agertu ziren, pinturetan. Lore freskoak eta suzko koroa bat Sole mendian.
LOTTA DIFFUSA