Kultura praktika, prozesu eta esperientzietarako espazio gisa bizitzeko lekua da Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbao.
Partekatu:
HISTORIA
XX. mendearen hasieran, Bilbok biztanleria- eta ekonomia-hazkundea izan zuen, horren ondorioz, Zabalgunea esaten zaion aldera zabaldu zen, eta hor egin ziren Alhóndiga bezalako eraikinak.
1905ean, Udalak Ricardo Bastida udal-arkitektoari eskatu zion ardo-, olio- eta ozpin-biltegi hau eraikitzeko, eta sei hamarkadatan hiriko merkataritza-gune gorenetako bat izan zen. Ricardo Bastidak eraikin handi bat proiektatu zuen, industriala, funtzionala, aurreratua eta estilo modernistakoa, harriaz eta adreiluaz gain, hormigoia erabili zuen lehenetakoa.
Alondegia 70eko hamarkadan itxi zen, bere jardueraren gainbeheraren ondorioz. 2010ean berriro ireki zen, aisialdi- eta kultura-zentro bihurtuta, eta industria-hiriaren eredua zerbitzu-hiri bihurtzeko 1990eko hamarkadan Bilbok hasitako prozesuaren barruan, kultura izan baita eraldaketaren funtsezko eragileetako bat.
Eraikina estilo modernistakoa da, eta haren fatxadak mantendu, eta zaharberritu egin dira. Kanpoaldeko klasizismoak kontraste nabarmena sortzen du barnealdean Philippe Starck diseinatzaile frantziarrak asmatu zuen hiri-giroko espazio berezi eta soilarekin.
Urte hauetan, zenbait etapa izan ditu Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbaok, Aisia eta Kultura Zentro gisa, gaur egun den horretara iritsi arte. Une honetan, 2019-2023 Programa Proiektuari jarraituz, gizartea kultura garaikidearekin lotu nahi du, eta balio erantsia gehitu hiriko testuinguru kultural, artistiko eta sozialari. Arte-sorkuntza garaikidearen bidez, Bilbok lehen mailako kultura-erreferente bihurtzeko egin den apustuan laguntzen du.
Gaur egun, Azkuna Zentroa milaka eragile kulturalek eta artistikok osatutako komunitate bat da, eta haren programazio egonkorra erreferentziazkoa da hainbat zerbitzuri dagokionez, esaterako, Jarduera Fisikoko Zentrokoa edo Mediateka BBK-koa. Jakintza, praktika, proiektu eta esperientzien oinarri zabal horretatik abiatuta sortu da gaur egungo jalkina, XXI. mendeko kulturaren plataforma berri modura proiektatzeko duen oinarria.
PHILIPPE STARCK
Philippe Starck-ek, irudimenez beteriko sortzaile aseezin eta ideien ekoizle handi honek, lehen begi-kolpean maitemindu zen AlhóndigaBilbaoko proiektuaz eta hiriaz. Harreman horren ondorioz, inoiz ez bezalako hiri-gune bat sortu zen. Egileak bere kutsu bakana eta bere lan guztiek duten izaera berezia utzi ditu bertan. Eraikina gizatiartzeko erronka gainditu du, herritarren eguneroko bizitzako erreferentzia-puntu berria baita orain.
Zaharberritze-lanetan jatorrizko fatxadari eutsi zitzaion, 1999an interes kulturaleko ondasun deklaratu baitzen, eta erantsitako atal bakar batek ere ez du gainditu dorreen altuera. Kanpoaldeko klasizismoak kontraste nabarmena sortzen du barnealdean diseinatzaile frantziarrak asmatu zuen hiri-giroko espazio berezi eta soilarekin. Ehun urtetik gorako espazio honetan bizitzeko modu modernoa, haren funtsaren zati handi bati atmosferan eusten diona. Hiri bat da, hiri baten barruan, bere eraikin eta kaleekin, non bizi baitira egunero haietatik igarotzen diren era askotako ikusleak.
ZUTABEAK
43 zutabeak: agertoki handia
Kulturen Atarian sartzea artearen eta gizateriaren historian barneratzea da. Philippe Starck Azkuna Zentroko diseinatzaileak barneko hiru eraikinen euskarri diren 43 zutabeak Lorenzo Baraldi eszenografoak asmatutako agertoki zinematografiko bihurtu zituen.
Lorenzo Baraldiren arabera, 43 zutabeak gizakiak historian barrena zeharkatu dituen milioika haberen, eta ezin konta ahala kultura, arkitektura, gerra eta erlijioren sinbolo dira. Eszenografo italiarrak Azkuna Zentroko diseinatzailearen ikuspegi zinematografikoa gauzatu du gune honetan, lekuaz egin duen interpretazio bereziarekin.
Ibilbideak ez du aurrez finkatutako ordenarik. Bakoitzak bere ikuspegia izan dezake, bere ibilbidea sortu, istorioak asmatzeko duen gaitasuna esnaraziz. Eskulturak antolatzeko moduan irizpide honi baino ez zaio jarraitu: antzeko materiala edo estiloa duten zutabeak elkarrekin ez jartzea, bakoitzak dagokion garrantzia eta nabarmentasuna izan ditzan. Ibilbide honi esker hausnar dezakegu zenbateko garrantzia duen arteak gure bizitzetan, horretaz jabetzen ez bagara ere.
1. zutabea
Art decó
2. zutabea
Modernoa
3. zutabea
Palladiarra
4. zutabea
Asiriar-babiloniakoa
MATERIALAK ETA ARTISAUAK
43 zutabeak egiteko hautatutako materialak ikustean, ibilbide bat egin dezakegu lehengaien historian barrena. Lehenik, materialik zaharrenak hautatu ziren, adibidez, marmola, adreilua, zura eta brontzea. Gero, zementua eta altzairua, garai berrien lekuko gisa. Azkenik, aspalditik erabili arren ia ezezagunak diren bi elementu erabiltzea proposatu zen: Lecceko harria eta terrakota beiraztatua.
120 lagunen eskuek errealitate bihurtu dute eszenografia hau. Langileak, eskultoreak, pintoreak eta arkitektoak buru-belarri aritu dira, neurri batean, erronka profesionala zen enkargu batean. Horregatik, zutabeek ere omen egiten diete artisau-lanari, xehetasunen zaintzari, lana era tradizionalagoa egiteko moduari, nahiz eta fabrikazioan teknika modernoak erabili.
Antzinatik gaur egun arte izan diren estilo eta forma guztien ikerketa ikonografikoa 800 zirriborrotan islatu zen, eta horietatik 43 aukeratu ziren, azkenean gauzatutakoak. Zutabe guztiak bakarrak dira, nahiz eta diseinu bera izan. Estalduren pisua 700 kilotik (altzairuzkoak) 9.000 kilora (marmolezkoak) bitartekoa da.
Astelehenetik igandera: 09:00-21:00
Azkuna Zentroa hiriko eraikinik adierazgarrienetako batean dago kokatuta.