Chiharu Shiota - My House Is Your House

CHIHARU SHIOTA. “MY HOUSE IS YOUR HOUSE”

ERAKUSKETA

DATA

2025eko maiatzaren 27tik irailaren 28ra

ORDUTEGIA

Asteartetik igandera, 11:00etatik 20:00etara

ESPAZIOA

Erakusketa Aretoa

SARRERA

Dohainik

Azkuna Zentroak – Alhóndiga Bilbaok Chiharu Shiotaren My House is your House erakusketa aurkezten du, Berlinen bizi den artista japoniarra munduko arte garaikideko figurarik nabarmenetako bat baita.

Artista honek Euskadin egindako lehen erakusketa monografikoa da. Ezaguna da artilez ehundutako instalazio monumentalengatik, instalazio horien bilbadurek mundu poetiko eta oniriko batean murgiltzera gonbidatzen baikaituzte.

Denbora, mugimendua, ametsak eta memoria dira Chiharu Shiotaren esku-hartzeen gai nagusiak. Eguneroko bizitzako elementuetatik, oroitzapenetatik eta aurkitutako edo erabiltzen ez diren objektuetatik abiatuta sortzen du bere obra. Bere ikuspegi subjektiboa eta esperientzia dira abiapuntua murgiltzera gonbidatzen duten bere lanak sortzeko; eta giza existentziaren dimentsio espirituala jorratzen du haietan, etxea, migrazioa, bizitza, heriotza eta antzeko gaiekin. Jantziak, altzariak eta beste objektu batzuk dira obretako protagonistak, eta narratiba argia eta unibertsala osatzen dute, pertsona bakoitzaren hizkuntza, nazionalitatea, erlijioa edo oinarri kulturala edozein dela ere.

Partekatu:

2024 - "Internal Line"  Nakanoshima Art Museum photo by Sunhi Mang

2024 - "Internal Line" - Nakanoshima Art Museum ©Sunhi Mang eta artistaren kortesiaz.

Tereza de Arruda arte-historialariak komisariatutako “My House is your House” erakusketan, kolore gorriak eta eskala monumentalak Erakusketa Aretoarekin lotzen dute Ataria, hasieratik sekula erakutsi gabeko azken instalazioetaraino doan ibilbidean.

Erakusketa honetarako, Chiharu Shiotak, Azkuna Zentroko taldearekin batera, etxearen kontzeptua landu du, etxeko eremua espazio publikora zabalduz, Bilboko Alhóndigako arkitekturarekin harremanetan jarriz. Emaitzak, site specific moduan, gonbit egiten dio publikoari etxeko giro desberdinak esperimentatzera, bisitaria bere oroitzapenekin lotzen dutenak, eguneroko bizitzako elementuetatik abiatuta. Windows pieza kolaboratiboa garatu du Azkuna Zentroa - Alhondiga Bilbaorentzat bakarrik, herritarrek, gutun eta marrazkien bidez, beren etxeen funtsa parteka dezaten. Instalazio horrek ondo islatzen du historia partikularrak historia kolektibo zabalago baten parte direla: norbanakoa gainditzen duen eta unibertsalaz mintzo den pertenentzia- eta aldaketa-historia baten parte.

“My House is your House” Atarian abiatzen da, odola gogora ekartzen duten 13 soineko gorri monumentalez osatutako site specif instalazio batekin. Jantziei egindako aipamen bat dira, bereizketarik eta pribilegiorik ezartzen ez duen herritarren bigarren azal horri. Azal hori da gure babesa, gure karkasa, hor ezkutatzen baikara, baina, era berean, pertsona bakoitzaz erakutsi nahi duguna erabakitzen dugu. Bereziki, etxearen beraren metafora bat da.

Erakusketa-aretoan, Chiharu Shiotak hainbat espazio-okupazio egiten ditu. Azken hiru hamarkadetan egindako lanen panoramika batekin batera, Shiotaren instalazioek harizko patroi korapilatsuak ehuntzen dituzte, ehun tradizionalari eta ekialdeko kaligrafiari erreferentzia eginez. Hariek marrazki konplexu eta hedatu bat sortzen dute, hasiera eta amaiera argirik ez duena, bideak, istorioak eta esperientziak sinbolizatuz. Esekitako objektuek, hala nola arropak eta leihoak, falta diren presentziak irudikatzen dituzte, eta bizitzaren hauskortasuna eta memoriaren boterea ekartzen dituzte gogora. Horrela, gonbit egiten dio publikoari sarean egituratutako lan ireki eta erakargarri baten ahalmen narratiboa aztertzera, lotura berriak sortzea sustatzen baitu. Instalazioak ere iragankorrak dira, erakusketa bakoitzaren amaieran suntsitu egiten baitira. Espazioko artelanen memoria eta erregistroa baizik ez da geratzen.

“My House is your House” maiatzaren 27an inauguratuko da Prototipoak ekimenaren barruan, hau da, Azkuna Zentroaren Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Bienalean. Bi urtean behin proposatzen den topaketa honetan, begirada desberdinak dituzten eta jatorri oso desberdinetakoak diren sortzaileek zalantzan jartzen dituzte errealitatearen alderdi batzuk, praktika artistikotik aukerak irekitzen saiatuz errealitate horretan eragiteko. Gaur egungo formetatik abiatzen dira horretarako, beren kode eta sorkuntza-denborekin, aldatzen diren agertoki eta formatuetan eta era askotako lengoaiekin, eta esperientzia eraldatzaileak proposatzen dizkiote publikoari, oroimenean irauteko modukoak.

2024 - "The Heart in your Home" - Kunsthalle Praha photo Sunhi Mang

2024 - "The Heart in your Home" - Kunsthalle Praha ©Sunhi Mang eta artistaren kortesiaz.

PARTE HARTU
logo volotea
japan_foundation