COMIC
, ERAKUSKETA
DATA
2025eko martxoaren 17tik irailaren 14ra
ORDUA
Astelehenetik larunbatera: 10:00-20:00 // Igandea eta jaiegunetan: 10:00-14:00
ESPAZIOA
Mediateka BBKren galeria
SARRERA
Dohainik
"Running on empty. Comics as visual poetry" / Komikia poesia bisual gisa erakusketak 2025eko Komikiaren Nazioarteko Egonaldian dauden Marta Cartu, Pauline Lecerf eta Cole Degenstein artisten sormen-prozesua du ikusgai. Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaok bultzatzen du ekimen hau, Quebeceko Maison de la Littérature-rekin eta Angulemako Cité Internationale de la Bande Dessinée et de l’image-rekin batera.
Egonaldi gurutzatu honen esparruan, hiru proiektu egiten ari dira, banaka eta aldi berean modu partekatuan, teknikei dagokienez desberdinak diren baina abiapuntu bera —egunerokotasuna— duten hiru proiektu. Nork bere imaginario grafikoetatik abiatuta, munduko kontuak poesia bihurtzea proposatzen dute, hainbat metafora bisual eta baliabide narratibo erabiliz.
Era berean, erakusketak sorkuntza artistikoaren esperientzia pertsonalean jartzen du arreta, beti ez baitu inspirazioak argitzen. "Running on empty da gasolinarik gabe geratu arren aurrera jarraitzen duzunean bezala. Ezer ez eduki arren, aurrera jarraitzen baituzu, sortzen. Running on empty da komikiak egitea bezala", deskribatu dute, erakusketaren edukiari buruz.
Marta Cartu, Pauline Lecerf eta Cole Degenstein Anguleman hasi ziren egonaldian, eta hor egon dira urtarrilaren 20tik otsailaren 20ra. Azkuna Zentroan egongo dira otsailaren 21etik martxoaren 24ra arte, eta, gero Quebecera joango dira, egonaldiaren azken hilabetean lan egitera.
Hiru egonaldiak izan bitartean, jaialdi bat izaten da egoitza bakoitzean: Angulemako Komikiaren Nazioarteko Jaialdia, Gutun Zuria. Letren Nazioarteko Bilboko Jaialdia eta Quebec BD Jaialdia Quebec-en.
Bilbon, programaren esparruan egiten ari diren sormen-prozesuarekin jarraitzeaz gain, hainbat jardueratan parte hartu dute Gutun Zurian, Azkuna Zentroko Letren Nazioarteko Jaialdian. Bestalde, Alhóndigako fatxada nagusian esku hartu dute, espazio horretarako sortutako hiru ilustraziorekin.
Partekatu:
COLE DEGENSTEIN. "DEAR KENNETH"
Quebec-eko Maison de la Littérature-k Komikiaren Nazioarteko Egonaldirako hautatua.
“Dear Kenneth”
Cole Degenstein-ek Dear Kenneth autofikziozko komikia sortu du, hausnarketa egiteko bizitzako beheraldiek ekoizpen artistikoko aldi biziekin duten loturaz. Artistek, maiz, sufrimendu emozional handiko garaietan dute gaitasuna beren lanik onenak sortzeko.
Kontakizuna eratzen da Kenneth izeneko poeta bati barne-bakarrizketaren estiloan idatzitako gutun batzuen bidez. Lehen pertsonan idatzita, Japoniako Tokio eta Kyoto hirietan egindako ibilaldi batzuk antzeratzen ditu. Proiektua, azken batean, proiekzioaz eta egoismoaz ari da, gauzez jabetzeko eta, haiekin konektatzen saiatu beharrean, behar duguna bihurtzeko dugun moduaz. Lanak sakon aztertzen du modu isolatu eta egozentrikoan sentitzeko eta behatzeko dagoen joera, alde batera uzten duena benetako konexioa sortzea guk gainerakoei eta haiek guri begiratzeko.
PAULINE LECERF. "UNE CONNEXION FILAIRE AVEC LE MONDE"
Angulemako Cité Internationale de la Bande Dessinée et de l’image-k Komikiaren Nazioarteko Egonaldirako hautatua.
“Une connexion filaire avec le monde” (Una conexión por cable con el mundo)
Istorio honek lotura metaforiko bat egiten du idazkeraren eta… ilearen artean. Bizi-lerroak, gure indibidualtasunaren adierazpena… Ilea eta idazkera gure mundualdian egiten dugunaren aztarnak dira. Komikiak omen egiten die ile-mozketei, graffitiei, txirikordei, sinadurei… Azken batean, gurekin harreman estu-estua eta pertsonala duten lerro horiei guztiei.
Amaierako esaldiak honako hau dio:
Zer geratuko da gure mundualditik?
Lerro batzuk, hitz batzuk idatzita,
Arabesko batzuk bizitzaren konketan,
Ile batzuk hustubidean trabatuta.
MARTA CARTU. "BUGS"
Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaok Komikiaren Nazioarteko Egonaldirako hautatua.
“Bugs”
Kontakizunek historikoki zentzua eman diote identitateari, hala indibidualari nola kolektiboari; eta proiektu honek egungo testuinguruan kontakizunak eraikitzeko modua aztertzen du, gizarte gaseoso baten berezko aldakortasunak zeharkatzen dituela.
Teknologian, bug sistema informatikoan dagoen akats bat da. 1947an sortu zen terminoa, sits batek ordenagailu baten errelean akats bat sortu zuela aurkitu ondoren. Kontzeptu horretatik abiatuta, proiektuak saiakera-fikziozko komiki-istorio bat egituratzen du, arlo pertsonaletik kolektibora igaroz, bugg-eatuta dauden kontakizunen eraikuntza aztertuta: narratzaileak dolu bat izatean dituen hutsune pertsonalak, adimen artifizialak sortutako narratiben eraikuntzari eragiten dioten bug garaikideak, eta akats horiek gure gizarteari buruz erakusten dituzten huts sistemikoak.