ERAKUSKETA
DATA
2022ko urriaren 28tik, 2023ko apirilaren 16ra
ORDUTEGIA
Asteartetik igandera, 11:00etatik 20:00etara
ESPAZIOA
Erakusketa Aretoa
SARRERA
Dohainik
KOMISARIOA
Garbiñe Ortega
AZALPEN-BISITA KOMISARIOREKIN, MARTXOAK 23- 18:30ETAN
Azalpen-bisita Garbiñe Ortegarekin, erakusketaren komisarioa // Doako librea aurrez izena emanez gero.
Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaoren ekoizpen honek zinematografiak erakusketa-espazio batean dituen aukerak esploratzen ditu, eta zinemaren ideia birpentsatu nahi du new mediaren aro honetan.
“Somewhere from here to heaven” erakusketak Bruce Baillieren film-unibertsoak inspiratutako belaunaldi ezberdinetako artisten konstelazio bat marrazten du. Bruce Baillie ezinbesteko zinemagile bat izan zen 1960ko hamarkadan: abangoardia zinematografiko iparramerikarraren garrantzitsuenetako bat eta "zinema esperimentala" delakoaren sustatzaile handi bat. "1961ean, Bailliek, beste lagun zinemagile batzuekin batera, emanaldi bat antolatu zuen Canyoneko (Kalifornia) etxe batean, “beste inon ongietorrian ez ziren filmak” erakusteko, eta hori bakarrik bazen egintza iraultzaile bat une horretan. Keinu espontaneo horren ondoren, komunitate handi bat sortu zen. Horrek, bada, San Francisco Cinematheque elkartea eta orain arte munduko abangoardia-zinemaren banaketa-enpresa garrantzitsuenetako bat den Canyon Cinema kooperatiba sortu zituen", azaldu du Garbiñe Ortega erakusketaren komisarioak.
Erakusketak bi zati ditu. Lehena komunitate horrek –Bailliek eta Chick Strandek, Gunvor eta Robert Nelsonek, Lawrence Jordanek eta beste batzuek–, 1940ko eta 1950eko hamarkadetako ekimenek inspiratuta, oraindik ere bizirik dagoen "familia" zinematografiko zirraragarri eta estimulagarria sortu zueneko garaira hurbiltzen da.
Partekatu:
Erakusketaren bigarren zatiak Azkuna Zentroak Baillieren iruditeriak inspiratuta lan berriak sortzeko gonbidatu dituen lau artistaren lana hartzen du. Hona aipatu artistak: Apichatpong Weerasethakul (Thailandia), Ben Rivers (Erresuma Batua), Ana Vaz (Brasil) eta Eduardo Williams (Argentina). Ikus-entzunezko piezak egin dituzte Bruce Baillierekin eta haren filmen (Valentín de las Sierras, Here I am, Mass for the Dakota Sioux eta All My Life, besteak beste) unibertsoarekin elkarrizketan. Lan berri horiez gain, erakusketak J.P. Sniadecki zinemagileak ex profeso egin duen pieza bat aurkezten du: azken urteetan Brucerekin bizi izandako une intimoez betetako film bat, Baillie-ren beraren amaitu gabeko film baten irudi argitaragabeekin.
Baillieren 16 mm-ko film liriko eta behatzaile horiek guztiek, baita lau artista horien lanek ere, edozein genero edo kategoria saihesten dute, eta, era berean, alderdi mistikoa eta mundutarra, kosmikoa eta pertsonala, mitologikoa eta autobiografikoa uztartzeko interesa partekatzen dute. Etengabeko bidaia, naturaren eta gizarte modernoaren arteko sinbiosia, argiaren bilaketa intuitiboa eta gauzen esentzia espirituala aurkitzeko bultzada dira proiektu hau ehuntzen duten ideietako batzuk, artea bizitzeko eta ulertzeko modu batekiko konpromiso sakon batek sostengatuta. Ideia hori artista hauen praktikaren erdigunean dago.
KOMISARIOA: GARBIÑE ORTEGA
Garbiñe Ortega zinema-kuradorea da. Haren kuradore-lana nazioartean erakutsi da hainbat instituziotan: Lincoln Center-eko Film Society (NY), Tate Modern, Vienako Film Museum, Pacific Film Archive, Washingtongo National Gallery of Art eta Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroan. Mexikoko Dokumentalen Bira Ibiltariaren programazio-zuzendarikidea izan zen, baita Punto de Vista jaialdiko zuzendari artistikoa (2018-2021) eta ARTIUMeko Z Aretoko komisarioa ere (2021-2022). Nicolás Pereda, Lois Patiño, Matías Piñeiro eta Virginia García del Pinoren filmak ekoitzi ditu. Hainbat libururen editorea izan da, besteak beste, hauena: “Jonathan Schwarz: To Light, To Love, To Time” (2019), “Meditaciones sobre el presente: Ute Aurand, Helga Fanderl, Jeannette Muñoz, Renate Sami” (2020) eta “Cartas como películas” (2022).
Azalpen-bisitak Garbiñe Ortegarekin
Berrogeita bost minutuko azalpen-bisitak Garbiñe Ortegarekin, erakusketaren komisarioa.
Doako sarrera aldez aurretik izena emanda hemen.
Sarrera-ibilbideak
Azaroaren 10etik aurrera, hogei minutuko sarrera-ibilbideak egingo dira, erakusketa-gelan ikusgai den erakusketa testuinguruan kokatzeko.
Ostegunero 18:30etan, hizkuntza gaztelania eta euskara eskaeraren arabera. Hileko lehen ostegunean beti da euskaraz.
Doako sarrera aldez aurretik izena emanda Az Info-n, 944 014 014 telefono zenbakira deituta edo info@azkunazentroa.eus
Gutxienez 4 eta gehienez 20 pertsona