Prototipoak. Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Bienalean duela urtebete baino gehiagotik zentroan garatutako proiektuak aurkeztu dira. Horietako batzuk udan ere ikusi ahal izango dira.
Partekatu:
Prototipoak begirada desberdinak dituzten artisten bienala da, jatorri oso desberdinekoak izanda eta testuinguruaren espezifikotasunetik abiatuta, esperientzia berriak planteatzen baitituzte. Forma artistiko garaikideen bidez egiten dute, beren kodeekin eta sorkuntza-denborekin, aldatzen diren agertoki eta formatuetan, era askotako lengoaiak erabiliz errealitatearen hainbat alderdi zalantzan jartzeko, errealitatea eraldatzeko aukerak zabaldu nahian.
Prototipoak proiektuak jarraipena ematen dio 3, 2, 1, Forma Eszeniko Berrien Nazioarteko Topaketa programak 2013. eta 2015. urteen artean egindako lanari, eta areago zabaltzen du. 2016an sortu zenetik, alderdi sozialaren izaera, performatibitatea eta ugaritasuna ikertu nahi izan ditu artearen bidez, eta, horrez gain, ekarpena egin nahi du era kritikoan eratzeko, alde poetiko, estetiko eta politikotik.
Hasieratik, tokia elementu nagusia izan da, bizitzaren agertokia izateaz gain, hau da ekintzaren testuingurua edo edukiontzia izateaz gain, egiten dugunaren bidez, gure ekintzen bidez berez eratzen dena ere bai baita.
Toki konplexu bat, etengabe mugitzen ari dena, non elkarrekin bizi diren normala, marjinala, zalantzazkoa eta misteriotsua, absurdoa, begien bistakoa, anodinoa eta erabat salbuespenezkoa dena, bizitzarako alferrikakoa eta funtsezkoa dena. Prototipoak programan, arreta berezia eskaintzen diogu proiektu artistikoak eta tokia ehundu, korapilatu eta txirikordatzeko aukerari, gure praktikak eta parte hartzen duten artistenak gainditzen dituzten harremanak sustatuz.
2021eko bienalean sortzaile hauek parte hartuko dute: Sra. Polaroiska, José Ramón Ais, Diego Sologuren & Sébastien Tripod, Maider López, Laida Lertxundi & Ren Ebel, Elssie Ansareo, Elena Aitzkoa eta Amalia Fernández.
Ekaineko lehen astean Prototipoak, Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Bienala izango dugu. Egun horietan, artistak, proiektuetan lan egin dugun pertsonak eta publikoa elkartuko gara, begirada, sentsibilitate eta praktika desberdinak dituzten sortzaileek edizio honetan egingo dizkiguten proposamenen bidez. Prototipoak orain dela hilabete batzuk jarri zen abian, duela urtebete baino gehiago izan baikenituen lehen hizketaldiak artisten talde honekin, sorkuntza-prozesu bat abiarazteko gonbita egiteko. Espero dugu prozesu horrek, bere garapenaren eta etorkizuneko oihartzunen bidez, harremanak, jakintzak, oroitzapenak eta bizipenak sortzea.
Denbora honetan, parte hartzen eta engaiatzen joan gara beren ideien garapenean, beren proiektuen bizitza aldakorrean, ahalegina eginez ziurgabetasunarekin eta ziurgabetasunetik lan egiteko ingurune bat sustatzeko, Prototipoak sorkuntzatik, kudeaketatik, produkziotik eta komunikaziotik egindako esplorazio komuna izan dadin, eta ohiz kanpoko gurutzaketak sor ditzan. Ildo horretan, praktika artistikoak gainezkatuz proposatzen dugu Prototipoak, ezinezkoa baita sorkuntza bereiztea bizitzatik, sortzaileen eta prozesuetan parte hartzen dugunon bizitzan gertatzen den horretatik, ezta hemendik aurrera proiektuekin topo egingo duten pertsonen bizitzatik ere. Bienal honek esperimentazio-eremu partekatua izan nahi du; bertan, praktika artistikoek egoteko-egiteko-pentsatzeko modu bat izan behar dute, eraldatuko gaituen eta, aldi berean, eraldatutako errealitate bat itzuliko digun modua.
Proiektu guztiak premia eta bulkada oso intimoetatik abiatzen dira; proposamen horiekin artistek harreman sentikor batean jartzen dira munduarekin -eta gu horretara gonbidatzen gaituzte-, enpatiatik, harriduratik, jakin-minetik, arroztasunetik, ezinegonetik, desiratik, zentzumenetatik abiatuta. Lan hauek diziplinak gainditzen dituzte eta egiten dugunaren mugak zabaltzen edo lausotzen dituzte, eta zabaltzen dituzten espazioetan topo egiten dute etxean gertatzen denak, espeleologiak, kantuak, arkitekturak, lorezaintzak, zinemak, adiskidetasunak, kaleko bizitzak, poesiak, mendiak, aintzirak eta elezaharretako bidaiak, munduaren anbibalentzia eta konplexutasuna agerian utziz. Kasu batzuetan, Prototipoak zentroan agertzen ari diren proposamenak birkonfiguratzeko esparru baten modukoa da. Beste batzuetan, prozesu batzuen abiaburua da, eta prozesu horiek abian jarraituko dute, haien etorkizuna ezin baita aurrez jakin.
Egun hauetan, proposamen artistiko horiek guztiak elkartuko dira zentroan, guztien elkargunea izango da. Proposamen poetikoak iruditeria desberdinetatik sartu, eta gure egunerokotasunean nahastuko dira, zentroaren bizitza eraldatuz, zirrikituak eta leku bitxiak hartuz, espazioak erabiltzeko eta imajinatzeko bestelako moduak sustatuz, laguntza emanez egiten duguna eta garena birpentsatzera eta berrosatzera.
Espero dugu errealitatearen zati batzuen bertsio berriak diren lan hauek sedimentuak edo partikulak uztea flotean gure irudimenean eta gure zereginetan. Haziko ahal dira basoak eta lorategiak teilatuetan, izango ahal dira eraikinak iragazkor beste bizitza batzuekiko, izango ahal da kalea atseginagoa bizidunarekin…
Izango ahal da hau hazi bat, hirirako proiektu bat ernamuinduko duena, eta zabalduko ahal da topaketa hau Azkuna Zentrotik harantz, museo, antzoki, elkarte, auzoetara… Hartuko ahal dugu gure gain larrialdi artistikoa, eremu ugaritan eta sinbiosiaren kulturaren barruan, gaur egun ezpalkatzeak zentzurik ez duela onartuta.
Komisarioak: Fernando Pérez eta Rosa Casado